AHTrik ez, Aldaketa bai!

2017/06/30
ELA, LAB, ESK, CGT, STEILAS EHNE eta HIRU sindikatuek eta EH Bildu, Podemos–Ahal dugu, Izquierda-Ezkerra alderdiek Nafarroako Gobernua deitzen dugu bertan behera utz ditzan Madrilekin egiten ari den negoziazioak, AHT-ri dagokionez, Nafarroak behar duen tren sareari buruzko eztabaida sozialari eta politikoari ekin diezaiola. Eztabaida sozial eta politiko horrek Nafarroako herritar guztien beharrak kontuan hartuko ditu, eta gizarte eredu zuzen eta sostengarria gauzatuko du.

Adierazoen bateratua:

Adierazpen hau sinatzen dugun gizarte-erakundeok, sindikatuok eta alderdi politikook Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako jarrera irmoa berretsi nahi dugu. Urte luzez eztabaidatu eta mobilizatu gara AHT-ren harira. Iraganean balioetsi genuen aurreko Nafarroako Gobernuak eta Madrileko Gobernuak egin nahi zuten azpiegitura, “inondik inora doan trena” izenaz ezagutzen genuena, xahubidea izateaz gain, burugabekeriatzat hartzen genuen. Horrengatik adierazi genuen ere gure engaiamendua proiektua bertan behera gera zedin.

Krisialdi ekonomiak berekin ekarri zuen Madrileko Gobernuak proiektua lozorroan utzi izana. Dena den, berriki jakin dugu proiektuari berrekiteko asmoz dabiltzala. Dirudienez, asmo horiek gogoan dituela, Madrileko Gobernuak Nafarroako Gobernuari eskaini dio hitzarmen berria sinatzea; azken horrek eskema horretan murgiltzeko asmoa erakutsi du ere, eta horrela azpiegituraren lanei ekin. Proiektua UPN/PP-rena da, zertxobait berritua, digerigarriagoa izan dadin, aldaketa batzuekin datorrena, baina, funtsa berari eusten diona: aurrekoaren proportziorik ezari eta akats ber-berari. Aurrekoan, gardentasun eza nagusi zen, ez zen parte hartzen eztabaidan eta hiritargoa ez zen kontuan hartzen erabaki behar zenean. Madrileko gobernuak agertu epeak onartzean edota haiek aitzakia gisa erabiltzean atea ixten ari zaio edozein partaidetzari eta aukerako proposamena egiteari.

Adierazpen honen sinatzaileok adierazi nahi dugu:

AHTa ez dela beharrezkoa eta ez dugula nahi. Burugabea eta beharrezkoa ez den makroazpiegitura batez ari garela; ez dela onargarria gizarte-errentagarritasunaren ikuspuntutik; gure erkidegoa zeharkatzen duela, baina hala ere, ez diela erantzuten haren interesei, ez eta haren premiei ere; ezin zurituzko xahubide ekonomikoaz ari garela; Tafalla eta Tutera baztertzen dituela eta “garapen-eredu basati baten” adierazgarri dela.

Arbuiatzen dugu, eta ez dugu onartuko, Nafarroako Gobernua AHTa aitzina eramatean nahastea, edozein motako hitzarmena sinatuz, ez eta edozein modutan AHT sustatuz, ez eta hari lagunduz ere. Horrengatik, eskatzen dugu Etxabakoitzen egiten ari diren PSISen lanak gelditzea.

Nafarroak behar duen tren soziala zehazteko, gizarte-mailako eztabaidari ekin diezaiogun eskatzen dugu. Aipatu proiektua, akordioa, Nafarroako indar politikoen, sindikalen eta sozialen artean egin behar da; era berean, hiritarrei parte hartzeko aukera eman behar zaie.

AHT sostengatzea eta Nafarroak behar duen aldaketa politikoa eta soziala kontraesankorra dira. Aldaketak begirunea erakutsi behar dio naturari. Aldaketa gizarte zuzenagoa lortzeko helburuan aurrera egiteko baliabidea da; aldaketa gure geroaren jabe izatean datza. Aldaketa, mugigarritasun sostengarriari eta garraio publikoari dagokionez, batez ere, “sen onean” datza, gizarte errentagarritasuna lehenestean, ekonomikoki zentzuzkoak diren eta gizarte politikei murrizketak ekarriko ez dizkien proiektuak sustatzean, ekologiari eragin kaltea ahalik eta gehien gutxitzean datza. Hori guztia da, hain zuzen, AHT-ri falta zaiona.

Honengatik guztiarengatik, sinatzaileok:

- Nafarroako Gobernua deitzen dugu bertan behera utz ditzan Madrilekin egiten ari den negoziazioak, AHT-ri dagokionez, Nafarroak behar duen tren sareari buruzko eztabaida sozialari eta politikoari ekin diezaiola. Eztabaida sozial eta politiko horrek Nafarroako herritar guztien beharrak kontuan hartuko ditu, eta gizarte eredu zuzen eta sostengarria gauzatuko du.

- Deitzen dugu, udazkenean, elkar hartuz egin genitzakeen mobilizazioak sustatzera.

- Eta azkenik, agintzen dugu guztion bidea landuko dugula proiektu honen arbuioa eta Nafarroako herritarren hitza gordeko duen alternatibaren eraketa susta dadin.