Bizkaiko erresidentziak

Ainhoa Tirapu: “Patronala erakundeak direnean eta emakumeen lan-baldintzei buruz hitz egiten dugunean, lan-gatazkak izugarri luzatzen dira”

2023/03/20
Bizkaiko zahar-etxeetako langileak kalera atera dira gaur, beste behin, euren hitzarmenak jasaten duen blokeoaren aurrean jadanik 30 egun baino gehiagoko greba egiten ari direla salatzeko.

Greban dauden langileek manifestazioa egin dute gaur goizean Bilboko kaleetan. Manifestazioa Juan de Garayn hasi eta Bilboko udaletxeko eskaileretan amaitu da. Erakundeen hipokrisia salatu dute langileek, kasu honetan Bizkaiko Foru Aldundiarena. Ahoa betetzen zaie esanez emakumeek pairatzen duten soldata-arrakalarekin amaitu behar dela. Baina gero, emakume horiek, egoitzetakoak bezala, soldata-arrakalarekin amaitzeko borrokatzen dutenean, izugarri luzatzen dira gatazkak, erakundearen beraren erantzukizun zuzenagatik.

Egoitzetako langileek salatu nahi dute egoitzak pribatizatzeko erabakia politikoa dela, ondorio larriak dituela langile eta erabiltzaileentzat, eta haien borrokaren azken helburua egoitzak publiko bihurtzea dela. Bien bitartean, beharrezkoa da 2020tik blokeatuta dagoen sektoreko hitzarmena berritzea eta Udal eta Foru egoitzetako langileen lan-baldintzak parekatzea.

Hori dela eta, egoitzetako langileek Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diote propaganda gutxiago egiteko eta ekintza zehatzak martxan jartzeko, hala nola hitzarmena berritzea, langile horiek jasaten duten soldata-arrakalarekin amaitzeko.