Akordio ona lortuta, Tuterako lorazainek bertan behera utzi dute greba

2006/02/22

Tuterako lorazainek, hiru hilabeteko grebaren ostean, euren aldarrikapen nagusiak asetzen dituen akordio ona lortu dute. Langileek azpimarratu dutenez, akordioa oso positiboa da. Tuteran lorazain bezala lan egiten duten 13 lagunek euren aldarrikapenen zati handi bat lortu dute CESPA enpresarekin lortu den akordioari esker. Beraz, greba mugagabea bertan bera geratu da, eta otsailaren 23an lanera itzuliko dira.

Akordioaren oinarria, hau da: lau urtetako hitzarmena, soldaten %28ko igoerarekin, udalean lan bera egiten duten lagunekin parekatzea lortuz; 35 orduko lan astea, urtean 1.521 ordu; gaixoaldi-bajen osagarrien %100; eta, 'lan beragatik, soldata bera' esaldia on egiten duten beste hainbat gizarte hobekuntza.

Nabarmentzekoa da grebak iraun duen denbora honetan langileek izan duten batasun jarrera. Horrek posible egin du euren aldarrikapenak lortu eta enpresari aurre egitea. Izan ere, enpresa behin eta berriz saiatu da langileen aldarrikapenak atzera botatzen.

Era berean, bereziki azpimarragarria da Tuterako udalak akordio bat lortzeko izan duen borondate eza. Tuterako udalean UPNk du gehiengo absolutua. Gainera, hainbat kasutan langileen aldarrikapenak zapuzteko hamaika ahalegin egin dituzte. Tuterako udala, zerbitzuen pribatizazioen jarraitzaile sutsua, langileak alde batera utzi ditu, langileen prekarietatea eta lan baldintza negargarriak eskaintzen dituen CESPA enpresaren mesederako.