bilbobus
Akordioa atzerapausoa da langileen eskubideetan, eta zerbitzu publikoa okertzen du

ELAk Bilbobuseko langileek aho batez egindako borroka eredugarria nabarmendu nahi du. Helburua lortu ez arren, kapitalaren interesen aldeko enpresa baten eta erakunde batzuen aurkako borroka izan delako. Bilboko Udalak zerbitzu publiko bat pribatizatzen du, hirugarren batek zergadun guztien dirua irabaz dezan, lan-baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua okertzearen kontura. Eta kolektibo horrek erosteko ahalmena bermatzeko eta kontratazioaren prekarietatearekin amaitzeko borrokatzen duenean, bai Udalak bai Eusko Jaurlaritzak eskura dituzten tresna guztiekin defendatzen dituzte enpresa baten interesak. Horren aurrean, ELAk galdetu du ea zer interes dituzten erakunde horiek enpresen interesak babesteko langileen gainetik.
UGT-CCOO-USOk sinatutako akordioak agerian uzten du amore eman dutela erakundeen aurrean, eta langileen eskubideak abandonatu dituztela. Akordioak ez du bermatzen erosteko ahalmena, oso baldintza larriak ezartzen ditu, negoziazio kolektiborako eskubidea murrizten baitu, etorkizuneko soldata-igoerak beste eragile batzuetan hartzen diren erabakien mende jarriz, enpresa-batzordearen beraren gaitasuna alde batera utzita; kolektibo ahulenen prekarietatea betikotzen du, hala nola lanaldi partzialarena eta behin-behinekoarena, eta ez ditu konpontzen egungo hitzarmena aplikatzearen ondoriozko murrizketak (judizializatuta daudenak), besteak beste.
Maiatzean plantillaren gehiengoak akordio berdin-berdinaren kontra bozkatu zuen, baina orain sindikatu horiek eduki anbiguo eta edukirik gabea dakarte berriro, plantilla ahultzeko helburu bakarrarekin, enpresaren eta erakundeen interesei eta aginduei men eginez. Batzarraren emaitzak arrakala sortzen du esparru horretan eta inguruko beste enpresa batzuetan etorkizunean izango diren baldintza eta negoziazio-prozesuetan, eta mesede txikia egiten die lan-baldintzei. ELAk lanean jarraituko du Bilbobuseko langileen eskubideak zintzo eta garden defendatzeko. Lerro gorriak izango dira erosteko ahalmenari eustea, prekarietatea ezabatzea eta plantillaren bizi-baldintzak hobetzea Bilbobusen zerbitzu publikoaren kalitatearen bermea baita.