Akordioa Emica Bombas enpresan

2015/10/22
Hiru hilabete luze iraun duen grebaren ostean enpresak langileen eskariak onartu eta bere lehen hitzarmen kolektiboa sinatu du. Beharginek nabarmentzen dute “hitzarmen kolektiboaren eta lan-baldintzen eta soldaten defentsan erantzun antolatua emateko beharra”.

Hiru hilabetetik gora greban izan ostean, gaur goizean akordioa sinatu dute Emica Bombas enpresako beharginek zuzendaritzarekin; lantegi hau Campillo industrialdean kokatuta dago. ELAren esku dagoen ordezkaritza sindikalak ongi deritzo akordioari, izan ere, erreforma laboralaren aurka blindatzen baititu langileak, besteak beste, ultraaktibitate mugagabea ezarri eta enpresak lan-baldintzak alde bakarreko erabakiz aldatzeko aukera galarazten duelarik.

Soldatei dagokienez, akordioaren arabera honako igoerak izango dira: %2 aurten, %1,10 2016an, %1,20 2017an eta %1,25 2018an; plusak nominako kontzeptu estrukturaletan integratuko dira. Lanaldia 16 ordu laburtuko da.

Bestalde, egungo lanpostuak ziurtatzen dira eta behin-behineko kontratua duten lagileak behin-betikoak izatera igarotzen dira.

32 lagunek osatutako plantillak esker ona adierazi du grebak iraun duen hiru hiletan jaso duen babesagatik; halaber, beharginek nabarmentzen dute “hitzarmen kolektiboaren eta lan-baldintzen eta soldaten defentsan erantzun antolatua emateko beharra”. Beren ustez, “borroka da oparirik ematen ez duen patronalaren inposizioei aurre egiteko tresna”.