Akordioa Gipuzkoako autoeskoletan

2006/07/20

Uztailaren 15ean Gipuzkoako autoeskolen langileen asanbladan, ELAk Zarautzen duen egoitzan, aho batez onartu zen ELAk eta Gipuzkoako Autoeskolen Elkarteak, GAEk, onartutako aurre akordioa. Gaur, hilaren 21ean lan hitzarmena izenpetu dugu.

Konbenio berri honen balorazioa egiterakoan, gogoan eduki behar ditugu historikoki autoeskoletako langileon lan baldintzak: teoriako, administrari eta garbitzaileen soldata eskasa eta urteko lanaldi handia. Praktiketako irakasleei dagokienez, 100 orduko oinarrizko soldata, aparteko pagak eta abuztukoa ordu berekoak izan zirelarik. Autoeskoletako langileok badakigu patronalak zer jarrera eduki zuen urte askotan: lan hitzarmena ez hobetzea. Baina ez da ahaztu behar aurreneko konbenioan lortutakoa, patronalaren jarrera haustea. Eta orain izenpetutako hitzarmenak ildo horri jarraitzen dio, patronalak urteetan nahi izan ez zuen hobekuntzari eustea, alegia.

Bestetik, akordioaren ardatzak hauexek dira: 2006an teoriako irakasleentzako %5,2ko soldata igoera; administrarien eta garbitzaileen soldata igoera %5 koa. Bestetik, kategoria hauen urteko lanaldiaren 6 orduz murriztu da. Gainera, A modulukoen abuztuko soldata nabarmen igo da: azken 3 urteotan 100 ordutik 125era igo baita eta 2008an 130ekoa izango delarik.

Bestetik, aseguruaren estaldurak %10 igoko da aurten. Baina ezin dugu ahaztu estaldura hori istripu baten ordaina dela, eta ahalik eta ezbehar gutxien izateko lan arriskuen prebentzioa bultzatu behar dela. Eta ildo honetatik lanean jarraituko dugu.

Azkenik, hizkuntza normalizazioari buruzko akordioa aipatu beharra dago, euskara autoeskoletan gehiago eta hobeki erabiltzeko akordioa, alegia.