Altsasuko Reparagrua

Akordioa lortu dute greba mugagabea hasi baino egun bat lehenago

2023/10/31
ELAk ordezkatzen duen plantillak KPIaren gaineko soldata igoerak eta urteko lanaldia murriztea lortu du.

Reparagrua SL enpresako langileek, ELAko ordezkari batek ordezkatuta, akordioa lortu dute enpresarekin greba mugagabea hasi aurreko egunean. Enpresa Altsasun dago, eta Bizkaian eta Araban ere baditu zentroak. Lortutako akordioak nabarmen hobetzen ditu lehen zituzten baldintzak, eta plantilla osatzen duten 14 langileei eragiten die.

  • Nafarroako KPIari lotutako soldata igoerak Enpresa Itun berria indarrean dagoen urteetan, 2023an eta 2024an. Horri urtero 1.000 euroko beste igoera bat gehitu behar zaio (nominan finkatuko dena). Plantillaren batez besteko soldata 30.000 euro gordinekoa da gaur egun.

  • Urteko lanaldia 25 ordu murriztea (1.695 ordutik 1.670era igaroko da).

  • 2028an lan baldintzak gehiago hobetuko dira Gipuzkoan dagoen taldeko beste enpresa baten lan baldintzekin parekatuko dituztelako, Servicios Técnicos Olaberria, S.L. enpresarekin.

  • Ordaindutako batzarrak egitea, lanorduetan zein lanorduetatik kanpo.

ELAk positibotzat jotzen du akordio hori, eta Reparagrúako langileen batasuna eta antolaketa nabarmendu ditu. Greba da langile klaseak lan baldintzak hobetzeko duen tresnarik onena. Ia plantilla osoa ELAn afiliatuta egoteak eta, beraz, Erresistentzia Kutxa jasotzeko aukera izateak funtsezko akordio kolektiboak lortzeko aukera errazten du, zalantzarik gabe.