Vulcanizados Zuloaga
Ia urte biko grebaren ondoren lan baldintzak nabarmen hobetzea lortu du plantillak

Lehen hitzarmen kolektiboa sinatu du ELAk Zaratamoko Vulcanizados Zuloagan. 2021eko ekainaren 28an hasi zuten greba mugagabea langileek eta hainbat mobilizazio egin dituzte, bai eta negoziazio ugari. Horrez gain, greba eskubide urraketengatik epaiketak ere izan dituzte. Guzti horren ondoren, hobekuntza nabarmenak izango dituzte automobilgintzan diharduten langile hauek. Akordioari esker, orain arte zuten estatu espainiarreko Kimikako hitzarmena gaindituko dute.
Edukirik garrantzitsuenak honako hauek dira, bermeekin, gainera:
- Greba amaitzeko akordioa formalizatu da, eta 2024ko abenduaren 31ra arte indarrean egongo da. Akordio horretan jasotako edukiak aplikatzeko bermeak ditu eta 2025etik aurrera enpresaren esparruan negoziatzen jarraitzeko aukera ere bermatuko da.
- Soldata igoerei esker, soldata txikienetan (greban dauden langile gehienen kasuan) estatu espainiarreko hitzarmenak ezartzen duena baino % 17 handiagoa da.
- Gaueko lanaren plusa % 20 baino gehiago handitu da.
- Gaixotasun arrunten bajen osagarriak hobetu dira.
- Larunbat eta igandeetako lanak arautu eta konpentsatzen dira. Jaiegunetan lan egiteko aukera ere debekatuta dago (ohiko dinamika zen).
- Laneko osasunaren arloan hobekuntzak adostu dira.
Beraz, Vulcanizados Zuloagaren soldatak nabarmen hobetu dira orain arte zuten Kimiken Sektoreko Hitzarmenarekin alderatuta, baita lan baldintzetan ere. Gainera, etorkizunean, 2025etik aurrera, enpresaren negoziazio eremua bermatzen da.
ELAk azpimarratu nahi du grebalarien indarra eta batasuna, nahi baino gehiago iraun duen gatazkan. Agerian utzi dute antolaketaren, borrokaren eta grebaren garrantzia.