Akordioa Rio Galindon eta Omim-en

2004/03/09

%8ko soldata igoerak Omim-en

22 egun greban eman ondoren, Omim Navarrako (Zangoza) enpresa batzordeak (ELAk 3 ordezkari) zuzendaritzarekin akordioa lortu du. Besteren artean aurtengo batazbesteko %8ko soldata igoera lortu da, era berean 2005erako pasatako KPIa +1 eta 2006rako pasatutako KPIa +2 onartu dira. Hitzarmena indarrean egongo den 3 urteetarako lanaldien murrizketak lortu dira, honela 2005ean, Nafarroako metaleko hitzarmenak baino 7 lanegun gutxiago izanen dira.

Soldata igoera hauek sartzen diren espezialistengan izanen dute eraginik handiena, enpresan laneko lehen 3 hilabeteetan orain arte kobratzen zutena baino %15 gehiago jasoko dute. Hitzarmenaren ondorioz enpresak ezin izango du lanaldi irregularra erabili eta flexibilitate orduak 64ra murriztuko dira.

Bestalde lan poltsa bat eratuko da, eta bertan enpresan jarraitzen ez duten behin-behinekoak egonen dira 9 hilabetez.

Río Galindon akordioa

Martxoaren 9an gauez Rio Galindo S. L. Enpresan (Sestao) akordioa lortu da, enpresa honetako langileek aurreko egunean mugagabeko greba hasia zuten.

Enpresan 29 langile finko eta Aldi Baterako Laneko Enpresa baten bitartez kontratatutako 24 langile zeuden. ABLEaren bitartez kontratatutako langile hauek finko izatera pasatzea zen oinarrizko eskaera.

Hauek dira lortutako akordioaren ildoak:

ABLEan urte bat baino gehiagoko antzinatasuna duten langileek enpresarekin kontratu finkoa izango dute (19 lagun). Denbora hori baino gutxiago daramatenek lan poltsa batera pasako dira lehen kontratatuak beraiek izatea bermatzeko. Akordioak 2 urteko iraupena dauka eta soldata igoera pasatako KPIa +1 izanen da, betiere probintziko hitzamenak finkatu dezakeena baino puntu erdia gehiago bermatzen da.

ELAk (enpresan ordezkaritza osoa dauka) lortutako akordioa gogobetekotzat hartu du. Mota honetako akordioekin argi geratzen da negoziazio kolektiboaren bitartez, lan munduan dagoen prekarietate izugarriari aurre egin diezaiokegula.