Akordiorik gabe amaitu da Bizkaiko Metalaren negoziazio mahaia: azaroaren 28tik abenduaren 2ra, greba

2022/11/25
LHKren bulegoetan gaur egin den bileran, patronalak negoziazio mahaira postaz bidali zuen eskaintza berria azaldu die sindikatuei, eta guztiek adierazi dute proposamen hori ez dela aski. Datorren astean deitutako 5 greba egunetan (azaroaren 28tik abenduaren 2ra), helburu horiek lortzea edo langile klasearen pobretzearen geldiaraztea dago jokoan.

ELAk azpimarratu nahi du patronalak negoziazio mahaian egiten ari dituen mugimenduak greben arrakastaren ondorio direla. Patronalak bere planteamenduak aldatu ditu, baina oso modu eskasean; izan ere, sektore osorako KPIaren berehalako igoerarik bermatu gabe eta aplikatzeko bermerik eskaini gabe jarraitzen du, langileek grebetan erabakitasunez parte hartu badute ere.

ELAk salatu nahi du, bestetik, % 40ko ordezkaritza izanagatik ere, ez diela heltzen sindikatuak egiten dituen planteamenduei. FVEMek gainerako sindikatuei baino ez die erantzuten eta hitz egiten.

ELAk uste du inoiz baino arrazoi gehiago daudela sektore osoan KPIaren berehalako igoerak bermatzeak eskatzeaz gain, lanaldia murriztuko duen eta eskubideak handituko dituen hitzarmen baten alde borrokatzeko.

Grebaren lehen egunari begira, ELAko langileek mobilizazioak antolatu dituzte Bilbon, goizeko lehen ordutik. Guztiak 11: 30ean elkartuko dira Moyua plazan eta bertan manifestazioa egingo dute.