Albizturko Antalis enpresako 39 langileek greba hasi dute gaur

2013/12/05
Albizturko Antalis enpresako zuzendaritzak itxiera espedientea aurkeztu du, eta beraz, 39 langile kalean uzteko asmoa azaldu du. Erabaki hau egun batetik bestera eman diete langileei, eta orain 15 egunetako epean, hiru bileratan, enpresaren itxiera negoziatu nahi dute. Antalis talde frantziar-britaniarrak bi planta ditu (Belgika eta Hego Euskal Herria). Langileen ordezkarien hitzetan "hemen kaleratzea merkeagoa delako, Albizturko lantegia ixtea erabaki dute".

Papergintza alorrean aritzen den Albizturko lantegiak gutun-azalak eta bestelako estalkiak egiten ditu. ANTALIS enpresa, Tolosaldean KANGUROS bezala ezagunagoa dela, 44 urte daramatza eskualdean, eta paperezko sobreak egiten dira bertan.

Atzo hasi zen ERE-aren negoziazio aldia. Enpresak itxieraz soilik hitz egin nahi izan du, eta langileen ordezkariek beste aukerak ez ixtearen eta bideragarritasunaren alde presio egin dute. Lehen bilerak ez du emaitzarik ekarri, eta hurrengoa datorren asteazkenean, abenduak 11ean izango da.
 
ANTALIS enpresako langileak borrokarako prestatu dira, eta itxura denez, borroka luzea eta gogorra izan daitekeela, azaldu du ELAk. Izan ere, Tolosaldean berriro ere epe motzera apustu egiten duen multinzazional erraldoi baten aurrean bait gaude. Beraz, langileen aldarria epe luzerako plangintza bat egitea da, non bideragarritasuna eta enplegua kontutan hartuko diren.