ALDA, aldaketarako tresna

2018/04/25
ALDA aldizkaria jaio da! Zuetako askok dagoeneko esku artean izango duzue ELAren aldizkari berria. Izenak berak dioen bezala, gizarte eredua ALDAtu, justizia soziala ALDArrikatu, finean, zure ALDAmenean egon nahi duen aldizkari berria duzu hau. 100.00O etxeetara iritsiko da, aldaketa sozial masibo baterako tresna eta bozgoragailu izateko asmoz.

Gauza asko egin nahi dugu, eta guztiek ALDA dute erroan: ALDAtu, ALDArrikatu, ALDAmenean egon... ALDAk bere lau hizkietan oinarrizko beste hainbeste kontzeptu biltzen ditu: Aldaketa, Lana, Demokrazia, Alternatibak.

Aldizkari hau tresna masiboa izateko asmoz jaio da (Euskal Herriko 100.000tik gora etxetara iritsiko da), lan mundutik abiatuta jendartea eraldatzeko, eredu demokratikoago baten bila; orriotan neoliberalismoaren eta desberdintasun estrukturalaren alternatibek bozgorailu bat izango dute, modu erakargarrian bultzada emango diena.

ALDA zer da? sindikalismotik eragiteko ELAk martxan jarri duen tresna bat, baina hortik aurrera ere lantokietako hormak zeharkatu eta kale-auzoetan barreiatzeko asmoa duena. Borroka guztiak borroka bera dira, eta ALDAk lan egingo du bat egin dezaten. Aldizkarian eskura ditugu horren adibideak: lehen zenbaki honetan martxoaren 8ko greba feministaren barne-historia jaso dugu; mugimendu hau izango da eraldaketa sozialari bultzada emango diona, gurean eta herrialde guztietan. Txetx Etcheverry bakegileak ETAren armagabetze prozesuaren analisi lasai, pertsonal eta egokia egiten du, Baionako ekitaldi handi hartatik urtebete igaro denean.

Laster izango da Maiatzaren Lehena, langile-klasearen eguna; 2018an enpresetatik harago deiadar bat hedatu nahi da: Hemen inor ez dago sobera. Txiki Muñozek azaltzen duen pobreziaren aurkako gerra da; bere emaitza, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Iruñeko eta Gasteizko parlamentuetara eraman duen Herritar Legegintza Ekimena.

Bestalde, pentsionistak ez dira soilik beren buruen alde borrokan ari, eta ALDAk hori ondo daki. Horregatik, hemen badute beren lekua. Erretiratu arte lan egin dute, baina beste askok ez dute aukera hori izan, eta heriotzak lantokitik zuzenean eraman zituen. Bada zerbait lantokietatik irten eta plazak bete behar dituena, laneko ezbeharren salaketa, amairik ez duen odoljario horrena. Ez da amaitzen, ezta gutxitu ere.

Eta kalera irtenda, ALDAk zinema ogibide duten bi aktore bildu ditu. Zeluloidearen langileak dira, eta horren oso kontziente dira, oso ezagunak izanagatik ere: Eneko Sagardoy benetan da handia (zenbat eta hurbilago, are nabarmenagoa da bere gizatasuna), eta Itziar Ituñok mundu hobea lortzeko mugitzera bultzatzen duen langile kontzientzia gorpuzten du.

Baina hau hasiera besterik ez da. Bi hilero ALDA zure etxean sartuko da. Ziur gaude gustokoa izango duzula.

Landeia bi hilean behin argitaratuko den aldizkari bihurtu da, ekintza sindikalera zuzendua; berez delegatuei bidaltzeko asmoa dugu. Haatik, ordezkaria izan ez eta paperean jasotzen jarraitu nahi baduzu, eska ezazu helbide honetan: ELA, Komunikazio bulegoa. Barrainkua 13, Bilbao, edota landeia@ela.eus e-mailean. Bestalde, https://www.ela.eus/alda webgunetik ALDA eta Landeia aldizkarien bertsio digitala jaisteko aukera izango duzu ere.