Alda ditzagun gauzak

2002/04/19
Manifestazioa, 11.30etan, Bilboko Jesusen Bihotzaren plazan_

Maiatzaren Lehena langileon jaia da, gure lan, elkartasun eta zergekin gizarteari bizirik eusten diogun guztion jaia. Egun honetan bereziki aldarrikatzen dugu geure zeregina eta protagonismoa, eta ozen adierazi nahi dugu diruaren eliteek sistema guztia antolatzeko moduaren aurka gaudela erabat.

Maiatzaren Leheneko kartelean esaten dugunez, “Hau alda daiteke”. Hau aberastasunaren, boterearen eta gizarteko klase nahiz herrien arteko banaketa bidegabea, berdintasunik gabea da. Injustizia are larriagoa da globalizazio neoliberalaren eraginez.

Globalizazio neoliberala gure artean ere indarrean dago. Orain eta hemen globalizazio neoliberalaren emaitza dira kontratu gero eta eskasagoak, soldata urriagoak, lan-baldintza okerragoak, batik bat emakume eta lehen aldiz lanean hasten direnen kalterako bereizkeria, kaleratzeak, enpresen lekualdatzea, gizarte-babesaren eraispena, langabeziako aseguruaren murrizketa...

Brusela, Porto Alegre edo Bartzelonan, besteak beste, esan izan dugu bestelako mundu bat posible dela, gauzak diruaren jauntxoek antolatzen dituzten ez bezala egitura daitezkeela.

Maiatzaren Lehenez, Bilboko manifestazio handian, hau alda daitekeela esango dugu berriro, eta sindikatuak aldakuntza horren tresna eta motore legez duen papera berretsi eta hori betetzeko konpromisoa hartuko dugu.

ELAn gaudenontzat sindikatuaren zeregina argi dago: langileen defentsa egitea, batetik, eta aberastasuna eta boterea temaz bereganatu nahi dutenen aurkako erresistentzia eta borroka antolatzea, bestetik. Lan horren abiapuntua enpresa bakoitza, lantegi bakoitza, sektore edo herri bakoitza dugu.

Etsipenaren eta pentsakera ekonomiko-sozial bakarraren aurka langile-klasearenganako uste osoa jartzen dugu; diruaren indarrari elkartasun antolatua kontrajartzen diogu; ugazaben gehiegikeriei, berriz, erantzun kolektiboa. Hartara, Maiatzaren Lehenez bi gauza azpimarratu nahi ditugu: Lehenik, hau alda daitekeela, eta bigarrenik, sindikatua dugula langileok aldakuntzarako tresnarik egokiena.


Gora Maiatzaren Lehena!
Gora langileon elkartasuna!