Aldebakarreko burujabetza prozesu sozial baten alde egin dute ELAk eta LABek

2017/09/04
Esparru anitzetan bizi dugun inboluzio egoera salatu dute ELAk eta LABek gaur goizean Bilbon egindako agerraldian. Horren adibide dira lan- eta jendarte-eskubideen murrizketa, demokraziaren aurkako erasoaldia, protesta sozialaren errepresioa edota eskumenen birzentralizazioa Espainiako Estatuan. Egoera honen aurrean, “Aldebakarreko burujabetza prozesu sozial baten alde” izenburua daraman adierazpena aurkeztu dute Adolfo Muñoz, Garbiñe Aranburu, Amaia Muñoa eta Igor Arroyo, bi sindikatuetako arduradunek.

Bi sindikatuek ezkerreko aliantzak sustatu eta elkarlanean aritu beharra dagoela azpimarratu dute. “Horretarako, beharrezkoa da ezker politikoak agenda soziala lehenestea agenda soberanistaren oinarri gisa. Politikan eragin nahi dugu, gaur egun aplikatzen diren politikak eraldatzeko eta gure eskubideen okertzea zein pobrezia eragozteko”.

Adolfo Muñozek azpimarratu du politikak gehiengoaren interesen zerbitzura jarri beharra dagoela eta eredu sozial alternatibo bati bultzada emango dion burujabetza prozesu bat abian jartzea ezinbestekoa dela. Burujabetza prozesu horrek, lan eta bizi baldintzen hobekuntza ahalbideratu eta erabakiak hemen hartuta ondorioak gure onerako izango direla ikusarazi behar du, jendartearen zati bat prozesura batzeko.

Bestalde, ELAko idazkari nagusiak Eusko Alderdi Jeltzalearen jarrera kritikatu du. Izan ere, negoziazio kolektiboa estatalizatzeko aukera zabaldu zuen bere abstentzioarekin. Era honetan, gogoratu du Negoziazio Kolektiboaren estatalizazioa Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aurkako eraso bortitza dela, eta soldata apalagoak eta lan-baldintza kaskarragoak dakarzkigula euskal langileoi lan erreformak.

Muñozek Estatuaren birzentralizazioak dakarren inboluzioa eta aldebikotasunaren iruzurra salatu du eta eduki sozial argia daukan aldebakarreko burujabetza prozesua martxan jartzea eskatu du.

Irakurri Adierazpena