Alderdi batzuren ezkutuko agenda ezagutzen dena baino zabalagoa dela erakusten du Kutxabankeko azken aferak

2015/02/04
ELAk nabarmendu nahi du Kutxabankeko presidentearen erabakia, hots, EBZ eta Espainiako Bankuarekin kontsulta egin ondoren fiskaltzari egindako salaketa, barne-auditoritzak agerian utzi dituen ordainketa irregularrak direla eta.

Argitaratu dena konfirmatuz gero, onartu ezineko praktika horiek alderdi batzuren ezkutuko agendaren baitan leudeke; bestalde, agenda horren ondorioa iritzi publikoak ezagutzen dituen beste akordio batzuk izan ohi dira. Esaterako, alderdi horiek aurrekontu antisozialei babesa ematen dietenean, inoiz ezagutu den fiskalitaterik injustuena erabakitzen dutenean, Administrazio-Kontseiluetako postuak banatu edo Kutxen pribatizazioaren defentsa egiten dutenean, alde batera uzten da beste kontu batzutaz ere hitz egin eta erabakitzen dela. ELAren ustez, ezkutuko agenda hori ezagutuz gero politikaren nondik norakoak askoz argiago geratuko lirateke, baita gure herrian ere.

ELAren irudiko, funtzionamendu maltzur hori mantendu nahiaren ondorio da garai bateko Kutxetako -eta oraingo Kutxabankeko- Administrazio Kontseiluak kontrolatzeko norgehiagoka. Sistema honetan kutxek -baita Kutxabankek ere- sistema “koipeztatu” egin beharko lukete, eta horretarako, estatuko beste kutxa batzutan bezala, hainbat bitarteko erabiltzen dira: bulego jakin batzuri justifikatu gabe egindako ordainketak, prezio puztuen truke egindako balizko erosketak, edota maileguetarako baldintza pribilegiatuak, hauek barkatzeraino.

Egunetik egunera, era honetako gertakariek frogatzen digute oso axaletik ezagutzen ditugula politikaren eta ekonomia-munduaren arteko “ate birakarien” fenomenoaren ondorioak, klientelismoaren efektuak eta ustelkeriarenak. Ezkutuko agenda gardentasunaren aurkakoa da, eta honelako praktikak egiten dituztenen ahalegina izan ohi da gainerako herritarrek ez dezaten errealitatea ezagutu.

ELAk lehengo Kutxetako eta Kutxabankeko Administrazio-Kontseiluei exijitu die ezagutzera eman dezatela zein izan diren alderdi, sindikatu edota erakunde hauen inguruko fundazioei barkatutako maileguak. Zatika agertu diren informazioen arabera, euskal kutxek hainbat alderdiri kredituen ordaina barkatu izan die; datuok iritzi publikora iritsi behar dute, hots, zenbat diru barkatu zen eta zergatik. Izan ere, zenbait organizazio bere burua finantzatzeko ezinean dagoelarik, dirua prozedura irregularren bitartez lortzeko obsesioak eragin baitu politikaren zati handi bat botere ekonomikoen desioen menpe jarri izana.