Alderdi politiko nagusiak enpresa elektrikoen zerbitzura

2011/02/16
Energia berriztagarrien beharra inoiz baino argiagoa den honetan energia nuklearraren aldeko apustua salatu nahi du ELAk. Orain arte zentral nuklearren bizitza muga 40 urtetakoa zen, baina espainiar senatuak muga hori ezabatu du, energia nuklearraren jarraipenari atea behin betiko zabalduz.

Horrelako neurri larriak alderdi politiko gehienen adostasuna izateak alderdi hauek enpresa elektrikoen aldeko lana egiten dutela konfirmatzen du.

Neurri hauek “Ley de Economía Sostenible” delakoaren baitan onartu dira. Lege hau ez da jasangarria ez ekonomikoki, ez sozialki ezta ingurumen ikuspegitik ere. ELAren ustez, iraunkortasunaren izenean horrelako neurri onartezinak hartzeko tresna da lege hau.

Garoñako zentral nuklearrari dagokionez, ELAk aurrerago ere salatu zuen 2009an espainiar gobernuak Garoñarentzat 2013 arte onarturiko luzapena. Nahiz eta PNVk kontrakoa sinestarazi nahi, atzo onartu zen testuan ez da Garoñari buruz inolako salbuespenik agertzen. Momentu honetan inoiz baino arrazoi gehiago dago energia nuklearra bertan behera uzteko. Horregatik ELAk exijitzen du energia hau baztertu eta lehenbailehen Garoña ixtea.