Aldi bateko lanean eta istripuetan liderrak

2005/04/21

Lan-ezbeharrei buruz dauzkagun estatistikak oraindik ere onartezinak dira, behin eta berriro ekartzen digute gogora arazo larri horri ez diotela behar bezala ekiten. Lan-ezbeharren arrazoiak zeintzuk diren badakigu, baina ez diete gogotik aurre egin, bestelako interesak eta helburuak tartean daudelako.

Aldi bateko lana eta azpikontratetako lana egiten dutenek istripuak izateko arrisku handiagoa dute. Aldi bateko lana egiten dutenek finkoek dituzten istripuen halako bi eta erdi gehiago dute. 2004. urtean, adibidez, istripu larrien %58 eta heriozko istripuen %65 kontrata, azpikontrata kate horietako langileak izan dira.

Europako Batasunean pare bat lidergo daukagu, biak ala biak oso beltzak: Aldi bateko lanaren liderrak eta lan-ezbeharren liderrak.

2004. urtean Euskal Herrian 62.115 lan-istripu gertatu ziren, horietatik 61.384 arinak izan ziren, 639 larriak, eta 92 heriozkoak.

Esango dute, gero, eta esanda dute dagoeneko, 2004ko datuak 2003koak baino hobeak direla; baina esan ere esan behar da 2004. urtean istripu-parteak emateko sistema aldatu zela, eta hori dela-eta, benetan gertatu ziren istripuak baino parte gutxiago jaso zirela azkenean. Orain Osalan-ek jakitera eman dituen datu ofizialen arabera, 2005. urteko lehenengo bi hilabeteetan jakinarazi diren istripuen kopurua ikusita, aurten aurreko urteen kopuruak gaindituko direla ematen digu.

Aurten, orain arte, 29 hildako izan ditugu lan istripuetan; horrela jarraituz gero, aurten ere berriro 100 hildakoen buelta horretan amaituko dugu, urtetik urtera zenbakiek apur bat gora edo behera egiten badute, ez da neurri egokirik hartzen delako.

Kontuan izan behar dugu, gainera, estatistika ofizialek, altuak izan arren, ez dutela esaten esan beharreko guztia. Ikerketak eta zigorrak ez jasatearren, eta izen ona ez lohitzearren, enpresak, ahal dela, saiatzen dira lan-istripuak ezkutatzen.

Bestalde, lanaren ondorioz harturiko gaixotasun asko ez dira aitortzen lanbide-gaixotasun moduan. Estatistiketan benetan gertatzen diren istripuetatik bakan batzuk baino ez dira jasotzen. Lanbide-gaixotasunen taula 1978koa da, eta erabat zaharkiturik dago. Tamalgarria da lanbide gaixotasun taula hori egunean jarri ez izana; batez ere, Europako Batzordeak berak eguneratzeko gomendioa eman du eta.

Daukagun egoera hau ez da halabeharrez gertatzen, ez da zoritxarraren ondoriozkoa. Zergatiak ditu, eta errudunak ere bai:

  • Enpresariak eta behin-behineko kontratuen gehiegikeriak.
  • Ugazaben dirugosea eta lan-erritmoak areagotzea.
  • Lanaren eskakizunak zorrotzagoak dira: gaueko lana, asteburukoa, betarik ez, gauzak azkar-azkar egin beharra... Eraikuntzan, istripu asko lan-orduez kanpo gertatzen dira.
  • Herri Administrazioen jokabidea: ez ikusiarena egin.

Administrazio guztiak, zein bere neurrian, errudunak dira, logika neoliberalaren eraginez patronalaren zerbitzuan eta aberastasuna metatzeko helburuaren atzetik jartzen dituzte beren eskumenak. Horregatik, zenbait lege eta dekretu (Lan Arriskuak Aurrezaintzeko Legea, adibide) sekulako aurrerapausoak emateko bide izan arren, herri-administrazioen borondate horrekin paper errea besterik ez dira.

Lan Ikuskaritzak funtsezko lana egin beharko zuen, lan-ezbeharren arazoari ekiteko garaian; baina ikuskariak gutxiegi dira, orokorrak, ez daude Gizarte Segurantzan espezializatuak, eta askoz gehiago begiratzen diete Gizarte Segurantzako alderdi ekonomikoei (alta-bajak, arau-hausteak, kotizazioak...) Horrek erakusten digu Administrazioaren benetako borondatea.

Bestalde, Zigor Kodeak eta Justizia Administrazioak ere ez diote erantzun egokirik eman arazoari. Langileen heriotzaren ondorioz zenbat enpresari joan dira espetxera segurtasuneko eginbeharra larriki ez betetzeagatik?

Ez dugu kasu bakar bat ere ezagutzen.

Autonomia-erakundeek, dituzten eskumen mugatuen barruan, ez dute bestelako borondaterik. Hortxe dauzkagu EAEko Osalan eta Nafarroako Lan Osasuneko Institutua; eta ez batak, ez besteak ez dute politika eraginkorrik abian jarri. Baliabide eskasia, bertako planak ez betetzea, eta eskumenak automugatzea "enpresariei gehiegi ez eragozteagatik" nahiko adibideak dira ikusteko ez dutela batere borondaterik arlo hori gogotik jorratzeko.

Mutualitateen negozioa

Zenbat eta eskumen gehiago eduki, orduan eta garbiago ikusten da langileen osasunaren kaltetan aritzen direla, diru-kontuak baino ez baitituzten kontuan hartzen.

Lan Segurtasuna eta Osasuna ere badira emakumearen diskriminatzaile.

Emakumeek kualifikazio gutxiagoko lanpostuak betetzen dituzte, eta lan-baldintzak ere txarragoak dira, gizonezkoenak baino. Beste sektore batzuetan eta beste lan batzuetan aritzen dira; ondorioz, osasun-arazoak ere desberdinak dira. Lan errepikakorra, zamak, jarrerak, estresa edo jazarpena direla-eta, lanbide-gaixotasun asko pairatzen dituzte. Emakumeek lan-munduan jasaten duten diskriminazioak ezkutatzen ditu beren osasun-arazoak. Gainera, ordaindutako lana egiten badute ere, etxeko lanak eta senide baliaezinak, hein handi batean, emakumearen ardura dira gaur egun ere; eta eginbehar eskerga horrek kalte egiten dio osasunari.