GESTAMP (GTO) ERANDIO

Aldi baterako espedientea baliogabetu du Auzitegi Gorenak

2023/12/04
Enpresa barne akordio bat adosten saiatu zen ordezkari eta sindikatuekin, aldi baterako espedientea errekurritu ez zezaten langabezia prestazioa osatzearen truke. ELAk hasieratik egin zion uko akordio horri eta ez zen gauzatu. Horri esker, enpresak langileei ordaindu beharko die langabezian egon ziren soldatak (ia 7 hilabete).

2021eko uztailean Erandion kokatutako Gestamp Try Out (GTO) enpresak aldi baterako lan erregulazio espedientea ireki zuen ekoizpen arrazoiak argudiatuta, sindikatuekin adostu gabe (2 LAB eta 1 ELA). Enpresak xantaia egin nahi zien ordezkariei eta sindikatuei: barne akordio bat sinatzea proposatu zuen, aldi baterako lan erregulazio espedientea ez errekurritu eta trukean soldatak partzialki osatuta. ELAk hasieratik egin zion uko akordioa sinatzeari, eta akordioa inork ez sinatzea lortu zuen. Aldi baterako espedientea errekurritu ahal izan zen. Prozedura amaitu baino aste batzuk lehenago (2022ko martxoaren erdialdean), Lan Arloko epaitegiak arrazoia eman zion sindikatuari eta ERTEa baliogabetu zuen. Enpresak helegitea jarri zuen epaiaren aurka, eta orain Auzitegi Gorenak atzera bota du.

Orain ELAk legez kanpoko lagapenagatik erregistratutako salaketen epaien zain du. GTOko langile gehienak Erandion daude, Gestamp Erandio enpresaren instalazioetan. Elkarrekin lan egiten dute eta ondarearen eta plantillaren nahastearen ebidentziak daude. Zeregin berak egin arren, GTOko langileen lan baldintzak GTEkoenak baino okerragoak dira. Gestamp taldearen jokabidearen adibide garbia da hori, irabaziak aregotzeko asmoarekin langileak diskriminatzen baititu. ELAk espero du aurki epaitegiek diskriminazio horrekin amaitzeko neurriak jasotzea.