Altsasuko Gamesa enpresaren itxieraren aurkako greba

2010/03/03
Enpresak jakinarazi du Altsasuko fabrika itxi eta 150 langile kaleratuko dituela. Martxoaren 5rako greba deitu du lan batzordeak.

Altsasuko Gamesa fabrika itxi eta 150 langile kaleratuko dituela jakinerazi du aste honetan zuzendaritzak. Egoera honen aurrean,  langileen batzordeak ostiral honetarako erabakiaren aurkako greba eguna deitu du eta manifestazioa ere antolatu du. Langileek adierazi dute Gamesako nagusiekin hitz egin nahi dutela, lantokiaren itxiera saihesteko asmoz.

Ubaldo Sola Langileen Batzordeko lehendakariaren ustez, "itxierak ez du justifikaziorik inola ere", eta enpresak diru irabaziak baino ez ditu buruan. Gamesak 2009an 114,6 milioi euroko etekinak izan zituela azpimarratu du Solak gaur, hedabideen aurrean. "Enpresa bideragarria da", haren ustez, eta Nafarroako Gobernuari auzian parte hartzeko eskatu dio.

Enpresak Altsasuko, Albeceteko eta Miranda Ebroko (Espainia) lantegietan haize errotetarako G-52 motako palak egiten ditu. Gamesak esan duenez, ekoizpen gaitasuna eskariaren beharretara egokitzeko neurri bat da hartu duena.