Altzairu-fabrika handiek plantillak ez murrizteko neurriak eskatzen ditu ELAk
Euskal altzairu-fabrika handiek pairatzen duten “lehia desleiala” aztertzeko ELAk gaur SPRIren egoitzan bilera batean parte hartzeko gonbitea jaso zuen.
Deitutako enpresen artean honakoak ditugu:
a) Arcelor, duela gutxi ACB aldi baterako ixteko erabakia hartu duena; bere egoitza fiskala Luxenburgon du, eta bere akziodun nagusia Asiakoa da.
b) Elgeta eta Legazpiko lantegiak itxi dituen Gerdau multinacional brasildarra (Legazpikoa “aldi baterako” 2008tik itxita dago); Euskal Herriko lantegiak salgai jarri ditu. Langileekiko errespeturik ez duen enpresa da hau.
c) Nervacero, Celsa Atlantic taldeko kidea; talde katalan honek Gasteizko lantegian (Laminaciones Arregui) langileen eskubideak urratzeagatik hainbat kontrako epai izan du.
Gainera, ELAk nabarmendu nahi du duela urte gutxi euskal administrazioek eta BBK bere esku zeuden ACBko akzioen %20 saltzea erabaki zutela. Honelako erabakiek agerian uzten dute ez daukatela konpromiso sozialik, eta bide batez enpresen alde bakarreko jokabidea erraztu dutela.
Bestalde, sindikatua oso kritikoa da EBk industriaren alde inolako ekinbiderik hartu ez izanarekin. Aitzitik, jarrera gotorra agertu ohi du gizarteko pertsonarik ahulenen kalterako murrizketak exijitzerakoan. Zoritxarrez, Jaurlaritza ere logika neoliberal honetan sartuta dago, Arantxa Tapia bere sailburua aitzindari delarik.
Tapia sailburuak patroien eta enpresen ekitaldietan parte hartzeko beti topatzen du agendan tarteren bat; gurekin, ordea, ez du ezer jakin nahi. 2014ko apirilaren 8an ELAk bilera bat eskatu zion euskal industriaren erronkak aztertzeko; erantzunik ere ez dugu izan. Gasteizko gobernuak horrelako tratua ematen die enplegu duinak izango dituen sektore industrialaren aldeko erakundeei.
Aipatutako enpresek ez dute herri honekiko konpromisorik, ezta bere industriarekin eta beronetan lan egiten dutenekin ere. Haien helburu bakarra akziodunarentzako irabazia da, eta horretarako hartutako erabakiek dituzten ondorio sozialak ez zaizkie axola. Eusko Jaurlaritzak gaurko deialdiarekin asmo bat du, enpresen etorkizuna arriskuan jartzen duten erabakien ardura ezkutatzea. Plantillak zeharo murrizteko giroa sortzen ari dira. Gure sindikatuak eragin sozial oso larriak izan ditzaketen erabakien konplize ez du izan nahi.