Altzairugintza alorraren egoera oso larria da
Altzairugintza alorrak eta, bereziki, ACB bizi duen egoerari buruzko hausnarketa plazaratuko du ELAk Bilboko egoitzan.Joseba Villarreal, negoziazio kolektiboko arduraduna, Unai martinez industria eta eraikuntza federazioko idazkari nagusia eta Mari Jose Viso, eskerraldeko arduradunak parte hartuko dute bertan.
2011 urtean, Eusko Jaurlaritzak (Lehendakari Ezkerraldean sortu zen Patxi Lopez zelarik) eta BBKk enpresako akzioen %20 zuten beren esku; ACBko kapitaletik irteteko urratsa formalizatu zuten; erakunde bakoitzak 21,7 milioi euro jaso zituen.
Salmenta horren aurka geunden gu, ACBren etorkizuna zalantzan jartzen baitzuen. 2012ko otsailaren 29an, Bilbon izan zen prentsaurreko batean, salatu genuen Arcelor Mittalek ez zuela ACBren alde egingo, orduan lan-karga txikia eta plantillako adina aski heldua zelarik. Hilabete geroago Jaurlaritzarekin bildu ginen; hitzordua amaituta adierazi genuen “ACBko akzioen salmenta hankasartze larri bat izan da, eta etorkizunean ondorioak izan ditzake”. Bizkaiko Aldundiak ez zigun biltzeko aukera ere eman.
Akzioak saltzeko operazioan konpromiso bat jaso zen; hau ezagutzea ezinbestekoa da gaurko egoera ulertzeako: “Arcelor Mittalek 2016raino Sestaoko jarduera bermatzen du; bost urte igarota, multinazionalak bere filiala ixtea edo saltzea erabaki dezake”. 2016 urtea hasi bezain pronto enpresak aldi baterako itxiera erabaki du.
Egiaztatzeko moduko datuok ikusirik, ELAk uste du ACBren patuaren arduradun nagusia Arcelor Mittal dela. Halaber, aipatu beharra dago gaur akzioen %20 euskal erakundeen esku balego ACB ez litzatekeela oraingo kinkan egongo. Multinazionalen erabakiak bi faktorek errazten dituzte: Lehena, Eusko Jaurlaritzan bata bestearen atzetik izan diren arduradunek ez dutela politika industrialik egin. Bigarrena, euskal Kutxek, orain banku bilakatu direlarik, ez dutela beren gain hartzen gure herriarekiko inolako konpromiso sozialik.
Uneotan eztabaidan dago Euskal Herria etorkizunean herri industrial bat izango ote den, lan-baldintza duinekin eta ingurumenaren ikuspuntutik jarduera arduratsua duena. Gaurko egoerari aurre egin behar zaiolarik, EAEko Industria sailburuak, Arantza Tapiak, erabaki du bere misioa gizartea desinformatzea dela, kapital atzerritarra duen enpresa handien mesedetan. Era honetan, ELAko ordezkariek adierazi dute altzairugintza alorraren egoera larria dela eta Arantza Tapiak zuzentzen duen sailak politika ekonomikorik aurkeztu gabe jarraitzen duela.
Bestalde, euskal altzairutegietan egiten ari diren eta etor daitezkeen doikuntzen errua dumping txinatarrari egozten zaio. Baina ez da esaten Arcelor Mittal berak ere Txinan altzairua ekoizten duela: Jinxi Steel (China Oriental Group izenez ere ezaguna) enpresaren %47,02 Arcelor Mittalen esku dago. ACBk 2016rako aurreikusita duen produkzioa ez da galdu; taldeko beste lantegietara desbideratu dute.
Enpresen neurri traumatikoak zuritzeko erabiltzen den beste argudioa tarifa elektrikoaren kostu handiagoa da. ELAren aburuz iritzi publikoari kontsumitzaile handien fakturaren inguruan ematen zaizkion datuak oso ilunak dira. Gai honi buruz UPV-EHUko Gorka Bueno irakasleak Eurostatek eta Produktu eta Instalazio Siderurgikoen Esportatzaileen Espainiako Elkarteak (SIDEREX) emandako datuekin egin duen txostena ikusirik, https://goo.gl/D7Bm1l Euskal Herrian argindarraren kostua handiagoa dela dioen teoria erabat gezurtatuta geratzen da.