Amaia Muñoa: “Erakutsi dugu zaintzaren eztabaida politikoa saihestezina dela”
“Horrek ondo erakusten du -gaineratu du Muñoak-, balio handikoa dela Mugimendu Feministarekin batera, beste sindikatu eta eragileok lortutakoa. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aldarri eta oihu masibo honi erantzun behar diote; politikak aldatzeko premiazkoa delako. Emakume eta gizonentzat, gizartearentzat, funtsezkoa da beste zaintza sistema bat eraikitzea: alde batetik, pertsona erdigunean jarriko duen zaintza sistema parekidea behar da; eta bestetik, publikoa, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izango dena”.
Sistema hori “pertsonen duintasunean oinarrituta eta behar adina baliabidez hornitua” izan behar dela dio Muñoak. “Horrelako sistema bat aldarrikatzen dugu posiblea delako. Borondate politiko kontua da: nolako fiskalitatea, halako zerbitzu publikoak; eta nolako lehentasunak, halako kudeaketa publikoa edo pribatizatua...”.
“Horregatik -Muñoaren hitzetan-, greba feminista orokor honekin, instituzioak eta indar politikoak interpelatzen ditugu. Urteak daramatzagu zaintza sistemaren gabeziak eta sektoreko langileen prekaritatea salatzen, eta lan baldintzak hobetzeko borrokatzen. Greba honen aldarrikapenei erantzutea exijitzen diegu Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Aldundiei eta udalei”.
Gaurkoaren garrantzia azpimarratzeko, Amaia Muñoak honako mezu hau luzatu die grebalari guztiei: “gaur grebalariok ekarpen handia egiten ari gara emakume eta gizonen arteko berdintasunari, gure aiton-amonek eta pertsona orok behar dugun zaintzeko eskubideari, baita zaintza sektoreko lan baldintzak hobetzeko borrokari ere. Gauzak aldatzeko bideari egiten diogun ekarpenaz harro sentitzeko eguna dugu. Gora greba feminista orokorra!”.