Amatasunaren eta aitatasunaren gidak aurkeztu ditu ELAK

2004/09/08

Aurki web-orri honetan eskuragarri egongo dira biak

Gida hauetan, langileok amatasun, aitatasun, menpeko pertsonen zaintza eta antzeko egoeren aurrean dauzkagun eskubideak aztertu ditu ELAk. Izenburuak, "Amatasun eta Aitatasun Gida", ez da ausazkoa, gidaren helburuetako bat ama, aita eta senitarteko garen aldetik esparru pribatuan sortzen zaizkigun erantzukizun eta zereginetan dagozkigun eskubideez eta eginbeharrez jabearaztea da eta. Horretarako, estatuko legerian jasotako oinarrizko eskubideak eta EAEn zein Nafarroan eskaintzen diren laguntzak aztertu dira. Era berean, oinarrizko eskubide horiek negoziazio kolektiboaren bitartez izan duten bilakaera islatu eta, batez ere Euskal Herrian, negoziatutako hitzarmen kolektiboetan oinarrizko legeari egin zaizkion hobekuntzen adibide ugari jaso ditugu. Halaber, aurrerantzean, gai honi dagokionez, negoziazio kolektiboetan jarraibidetzat hartu behar diren proposamen batzuk ere sartu ditugu. Proposamen horiek gure eremu sindikaletik bertatik garatu behar ditugu, berdintasunean oinarrituriko gizarte bidezkoagoa lortzeko.

Legeak eta Herri Instituzioek (EAEkoek, Nafarroakoek zein Estatukoek) ez digute aukera handirik ematen lana eta bizitza pribatua bateragarri egiteko; beraz, Gida honen asmoa ez da egoera hori gorestea.

ELAren helburua gaur egun dauden egoerei eta aukerei buruz ahalik eta informaziorik zehatzena ematea eta pertsona guztiak bizitzako bi esparru horiek benetan, eraginkortasunez eta egoera guztietan bateragarri egin beharraz kontzientziatzea da.