amazon - nafarroa

Amazonen azpikontratako plantilla mobilizatu egin da lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena lortzeko

2025/12/16
Amazonen azpikontratako plantilla mobilizatu egin da lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena lortzeko
Lan baldintzak erabat prekarioak dira, eta soldatak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatara (LGS) mugatzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) Amazonarekin berriki sinatu denaren antzeko hitzarmena eskatzen dute.

Iruñerrian Amazonentzat paketeen banaketa egiten duen enpresa azpikontratatuaren langileek (70 langile inguru) mobilizazioak abiatu dituzte lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen kolektiboa exijitzeko. Atzo, ELAko 5 kidek ordezkatzen dituzten langileek elkarretaratzea egin zuten euren egoera prekarioa salatzeko, besteak beste, LGSra mugatzen diren soldatak (hilean 1.184 euro).

Gehiegizko lan karga eta Amazonen banaketa ereduak ezartzen dituen eskakizun fisiko eta mentalak jasanezinak dira. Besteak beste, helburu hauek ezartzen dira: 100 paketetik bakarra itzul daiteke, eta horrek lana tentsionatu eta prekarizatu egiten du. Gainera, trebetasuna, gaitasuna eta esperientzia zigortzen dituen sistema da, eraginkorrenak diren langileei gero eta lan gehiago ematen baitie.

Duela sei hilabetetik EAEan berriki lortutakoaren antzeko hitzarmena eskatzen ari dira, negoziazioa itxita egotera iritsi zen, baina Nafarroan ezin zela aplikatu argudiatuta eten zuen Amazonek.

Negoziazioaren blokeoa ikusita, langileek iragarri dute mobilizatzen jarraituko direla elkarrizketa eten zen baldintza berberetan berriro hasi arte.