Amianto hautsa arnastutako langilea gaixorik

2007/01/03
Elorrioko Ductilor enpresako langile bat amiantoa arnastuta gaixotu dela jakinarazi du ELAko osasun eta segurtasun sailak. “Ugazabek ondo dakite hauts eta ke pozoitsuak eragiten dituztela labeek. Silizearen ondorioz silikosia daukan langile bat badago aurretik, baina hutsaren hurrengoa dira prebentzio neurriak, eta inori ez zaizkio egiten azterketa medio zehatzak”, salatu du.

ELAk gogorarazi du silizea ez dela hilgarria, baina bai amiantoa, minbizi sendagaitzak eragiten baitu. ELAren esanetan “arazoari ez ikusiarena egin diote bai enpresaburuek bai administrazioak, eta osasun kalte latzak jasateko arriskua dute langile askok, Elorrioko Ductilor enpresako langileek, besteak beste”.

Bestalde, Lan eta Osasun sailen artean ez dagoela koordinaziorik salatu du ELAk. Kasu honetan, beste hainbatetan bezala, behin Osakidetzak diagnostikoa egin eta gero, langileak hartu behar du iniziatiba.