Anbulantzien sektoreko ordutegi malgutasunaren aurkako epaia
Anbulantzien sektorean 2014an izan zen gatazka Angel Toña egungo Enplegu sailburuak emandako laudo batekin amaitu zen. Beste sindikatuek (USO, LAB eta UGT) laudoa ontzat eman zuten, baina ELAk ez. Izan ere, ebazpen haren ondorioz soldata jaitsierak ezartzen ziren, zerbitzuaren kostu azpitik emandako lizitazioen ondorioz -laudoak berak hala aitortzen du-, baita aurreko urteetan aplikatzen ari zen ordutegi malgutasuna ere; honen erabilpena abusuzkoa izan da, eta aparteko ordu mordoa ekarri du; ondorioz, azken urteetan 70 bat lanpostu desagertu dira sektorean.
Oraingo epaia sektoreko beharginentzat lorpen handia da; batetik, orain arte aplikatu izan den malgutasunak lan- eta famili-bizitza kontziliatzeko aukera eragozten zuelako, eta bestetik, nahierara ezartzeak langileen arteko diskriminazioa eragin duelako.
ELAk nabarmendu du egoera hau beste arazo askoren arteko bat baino ez zela, azken urteetan nahaste handia bizi izan duen sektore honetan. ELAk Osasun sailari galdegin dio busti dadila sektorea arautzeko, %90an herri-administrazioaren menpeko delarik eta osasun eskubidearekin lotuta dagoela kontutan izanik. Sektore honetan langileek eta erabiltzaileek ordaintzen dituzte murrizketak eta enpresen zein administrazioaren abusuak.
ELAk Jaurlaritzari gogora arazi dio azpikontratatzioaren esparrua arautzeko aukera baduela, sindikatuak Legebiltzarrera eraman duen herritarren legegintza-ekimena (HLE) onartuta. Lan-baldintzak benetan axola bazaizkio eta galarazi nahi baditu enpresa batzuren abusuak, aipatutako enplegu galera eta bidegabeko aberastea, bozka dezala HLEaren alde. Borondate politiko kontua besterik ez da.