Anbulantzietako alorrean eman diren arduragabekeriak ezin dira langileen soldatak jaitsita konpondu

2014/03/28
Anbulantzietako alorrean eman diren arduragabekeriak ezin dira langileen soldatak jaitsita konpondu
Joan den martxoaren 10ean mugagabeko grebari ekin zitzaion Bizkaiko eta Arabako anbulantzien sektorean. ELAren iritziz egoera oso larria da azpikontratetako esparru guztian, baina areago Larrialdi eta Osasun-Garraioko zerbitzuan, izan ere, murrizketa handiak ari baita pairatzen zerbitzua emateko gastuei dagokienez; haatik, enpresa harrapakariek sekulako etekinak lortzen dituzte diru publikoari esker.

 

ELAren iritziz gatazkaren bi arduradun nagusiak hauek dira:

* Batetik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila; tematuta dago kostuak jaitsi beharrarekin, eta ondorioz, prezioari bakarrik begiratzen dio, horrela zerbitzuari kalte egiten bazaio ere, eta ez nolanahiko zerbitzua, osasun publikoarekin eta lan-baldintzekin zerikusia baitu.

Hau oso larria da azpikontratetako esparru guztian, baina areago Larrialdi eta Osasun-Garraioko zerbitzuan, izan ere, murrizketa handiak ari baita pairatzen zerbitzua emateko gastuei dagokienez; haatik, enpresa harrapakariek sekulako etekinak lortzen dituzte diru publikoari esker.

* Lehiaketa irabazten duten enpresak: zerbitzuaren kostuak ezagutu arren, arduragabekeriaz jokatzen dute, proposamen merkeegiak eginez; gero soldatak murrizten dituzte. Zer enpresario modu da hau? Zer arrisku hartzen dute operazioan? Bat ere ez. Parasito hutsak dira, diru publikoaz negozioaz egiten dutenak; gero zerbitzu publiko txar bat eskaini eta langileen baldintzak okertzen dituzte.

ELAren iritziz, bitartekariak honakoa egin beharko zukeen:

  • Adjudikaziodunei eskatzea, baldin eta prezioa txikiegia zela uste bazuten, kontratuak eten zitzatela, berriro esleipenera jotzeko

  • Enpresek hori onartu ezean, beren ardurari aurre egin eta eskaintza arduragabe baten ondorioz lortutako adjudikazioari eutsi araztea

Gure iritzia bi datutan oinarritu dugu: 2012ko urtarrilean egin zen esleipen batean Ogasun saileko txosten batek zioen eskaintza arduragabea zela. Osasun sailak entzungor egin zion txosten honi eta esleipena egitea erabaki zuen.

Bigarrena, 2013ko bigarren seihilekoan gertatua. Osasun sailak EAEko larrialdi-zerbitzuetarako 14 sailen esleipena egin zuen. 1.etik 8.erainoko sailak Bizkai eta Arabari zegozkion, eta Osasun sailak hasieran ezarritako prezioa baino %15 merkeago egindako eskaintza bati eman zioten; Gipuzkoan, berriz, jaitsiera %5ekoa izan zen.

Hortaz, ELAk EZETZ dio: beste batzuren arduragabekeria eta erokeriak ezin dira langileen soldatak jaitsita konpondu.

ELAREN PROPOSAMENA

* Administrazioari exijitzen diogu baldintza-agiriak egiterakoan eta zerbitzuaren kontrolari dagokionez bere erantzukizuna bere gain har dezala; diru publikoa zorrotzago kudeatu behar da, eta ekidin zerbitzuaren kalitatea eta lan-baldintzak bermatzeko beharko litzatekeen zatia poltsiko pribatuetara joan dadin.

* Negoziazio-mahai bat eratu behar da, alde interesatu guztiekin –administrazioa, enpresak eta ordezkari sindikalak–, sektoreko baldintza teknikoak eta lan-baldintzak arautze aldera.

* Eginkizun berdinak egiten dituzten Osakidetzako langileekiko homologazioa aldarrikatzen dugu, garbitasunean, eskola-garraioan eta jantokietan egin izan den moduan. Lan berdinari, soldata bera.

Honetarako aukera badago, baina borondate politikoa eta administrazioaren inplikazioa falta da urtetan ez aurrera ez atzera dagoen arazo hau konpontzeko.