ANSAko batzordeak sinatu berri duen hitzarmenak blindaturik egongo da lan erreformaren aurrean

2014/01/28
Ia urtebeteko negoziazio gogorren ondotik, Asientos del Norte (ANSA)-ko Enpresa Batzordeak akordio bat lortu du, lan-baldintzetan, 2013, 2014 eta 2015 urteetarako. ANSA enpresa Alemaniako Mercedes Benz multinazionalaren Gasteizko lantegiko just-in-time hornitzailea da.

Batzordeak, ELAren gidaritzapean, negoziazioaren hasieran asmo zituen helburu guztiak lortu ditu. Lehen, lan-baldintzak enpresa-itun batean zeuden jasota; orain, aldiz, akordioaren ostean, baldintzak estatutupeko hitzarmen kolektibo batean jasoko dira. Gainera, hitzarmen hori blindaturik egongo da Rajoyren lan-erreformatik, legeak horretarako uzten dituen klausulen bidez.

Lan-erreformak alternatibarik ez duela dioten komunikabideen aldarri guztien gainetik guk alternatiba aurkitu dugu, alternatibarik badagoelako; eta ANSAn aski argi frogatu dugu, lan-erreformaren aurkako blindajea duen hitzarmen bat lortuz.

Akordioaren arabera soldata-igoera nabarmenak izango ditugu hiru urteetan (2013: %2; 2014: KPI+%1,1; eta 2015: KPI+%0,5), eta aurrera-eragina 24 hilabetekoa izango da.

Gainera, hitzarmena ezin izango da alde bakarretik bete gabe utzi; eta alderdien arteko desadostasuna gertatuz gero, arbitrajea ez da nahitaezkoa izango.

MERCEDES-BENZen hornitzaileen artetik ELAk gehiengoa duen hiruretan baldintzak blindaturik daude. Hori dela-eta, baikor agertzen gara gainerako langileen baldintzak blindatzeko aukeraren aurrean; baina, horretarako, beren egin behar dute erronka hori eta sindikatuarekin bat egin.

Akordio horrek argiro erakusten digu alternatibarik badagoela, eta SEAren kontrolpetik kanpoko esparruak antolatuz eta sindikalizatuz gure jendearen lan-baldintzak hobetzerik badagoela.