Apirilak 28: gure osasunarekin negozioa egitearen aurka

2010/04/28
'Gure osasunarekin negozioa egiteari STOP' lelopean ELAren ehunka ordezkari bildu dira Bilboko kaleetan lan osasun eta segurtasunarekin lotura duten politiketan aldaketa sakona eskatzeko.

Manifestazioa Plaza Biribilean hasi da, eta Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean amaitu da. Bertan hitzaldi bat egon da, lan osasun arduradun Leire Txakartegiren eta idazkari nagusi Adolfo Muñoz Txikiren eskutik.

Leire Txakartegik nabarmendu duenez "aurtengo apirilak 28an gutxi daukagu ospatzeko, eta asko salatzeko. Egoerak bere horretan dirau. Lan osasunean daukagun egoera oso larri da HEHan, ez dago inolako hobekuntzarik. 2009an 85 langile hil ziren bere lanpostuetan, lan istripuen ondorioz. 2010ean 20 dira jadanik. Eta hori krisi egoeran gaudela, eta lanean ari den langile kopurua txikiagoa dela.

"Lan gaixotasunei dagokienez, ez dago daturik, ezkutatu egiten bait dira. Baina badakigu asko, asko eta asko direla lan gaixotasun baten ondorioz hiltzen direnak", gaineratu du.