#Apirilak28, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko eguna: Prekaritatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez!

2022/04/28
Prekaritateak langileak hiltzen dituela eta lan heriotzak salatzeko, ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuek manifestazioa egin dute gaur Bilbon eta Iruñean, Nazioarteko laneko segurtasun eta Osasunaren egunean. Eta lore eskaintza batekin omendu dituzte hildako langileak.

Murrizketen eta Covidaren ondorioz lan jarduerak behera egin duen arren, Hego Euskal Herrian lan ezbeharren kopuruak gora egiten jarraitzen du, modu kezkagarrian: 2021ean %10,2 igoera izan da EAEn eta % 16,7koa Nafarroan. Iaz, gutxienez, 68 langile hi ziren lanean, 48 EAEn eta 20 Nafarroan, eta aurten jada 20 langile hil dira, 17 EAEn eta 3 Nafarroan.

Laneko gaixotasunei dagokionez, azpi erregistroa salatzen jarraitzen dugu estatistika ofizialetan. Hego Euskal Herrian bakarrik, gutxienez, 17 pertsona hil dira amiantoarekin lotutako gaixotasunen ondorioz, esaterako.

Mutualitateak eta enpresak dira egoera horren erantzule nagusiak. Prebentzio zerbitzuen eta mutualitateen jardunbide txarren aurrean, baina, erakundeek ez dute behar besteko kontrol eta neurririk hartzen. Giza baliabide gehiago behar dira, bikoiztu behar dira inspektoreak, esaterako.

Horregatik, gaur kaleetan aldarrikatu dugu lanak gaixotzen eta hiltzen jarraitzen duela, eta prebentzio neurriak bermatu ezean, milaka langilek jarraituko dute behar besteko babesik gabe; bereziki, prekarioen daudenak.