Apirilaren 1eko manifestazioa pozgarria izan zela dio ELAk

2006/04/02

ELAko Batzorde Eragileak pozgarritzat jo du joan den apirilaren 1ean euskal gatazka konponbide demokratikorantz eramango duen prozesua eskatzeko manifestazio handia. Halaber, manifestaziora bildutako herritarrek ozen eskatu zuten errepresioa amai dadila, eskubide zibil eta politikoak aitor daitezela eta euskal presoekiko espetxe politikan distentsioa hastea, auzi hau behin betiko bukatze aldera.

Larunbateko manifestazioa aldarri subiranista bat izan zen, baita estatuekiko errebindikazio ekitaldia ere. Baina gainera, oinarri subiranistek indarrak batzearen aldeko borondatea ere agertu zuten. Indar subiranista bakoitzari eta guztiei batera dagokie gaur egun indarrak era eragingarriagoan bategiteko oztopo eta tirabirak desager daitezen bideak urratzea. ELAk lan hau bere gain hartzen du.

Bestalde, martxoaren 9ko deialdia medio espetxean daudenak berehala aska ditzatela eskatu du ELAko Batzorde Eragileak. Ezin da onartu Arnaldo Otegiren moduko buruzagi politikoak Espainiako gobernuburuak berak aitortu dio gaurko egoerara iristeko egin duen lan garrantzitsua giltzapean egoterik, ezta bere behin-behineko askatasun mugatuari bere egoera ekonomikoarekin zerikusirik ez duen neurriz kanpoko prezioa ezartzea ere. Espetxeratutako buruzagi politikoak ez lehenago, ez orain inongo justifikaziorik ez duen eraso politiko-judizial bat jasaten ari dira; gainera, egungo unean hau ulergaitza da, eta areago, Gobernu espainolaren beraren hitzen aurkakoa esan nahi du.

Beraz, Espainiako Gobernuari eskatzen diogu Arnaldo Otegi, Juan Joxe Petrikorena eta Juan Mari Olano lehenbailehen kalean izan daitezen hartu beharreko erabakiak hartu eta egin beharrekoak egin ditzala; eskubide hori zor zaie eta gizarteak kalean behar ditu.