Apirilaren 2an Europako Sindikatuen Konfederazioak antolatuta

2004/03/29

ELAk gehiengo sindikalarekin eta gizarte-mugimenduekin deitzen du "Gure europaren alde" lemapean, APIRILAren 2an EKINTZA EGUNA ospatzera

"Gure Europa geu gara" esanez, gizarte- eta lan-eskubideen garrantzia aldarrikatuko dute datorren ostiralean, apirilak 2, ELAk, gehiengo sindikaleko beste hainbat sindikatuk eta gizarte-mugimenduk, sindikatuek Europa mailan deitu duten ekintza eguna dela-eta. Laura Gonzalez de Txabarri ELAko nazioarteko sailaren arduradunak agertzen dizkigu egun horren zergatiak eta Euskal Herriko nola egingo den.

Zergatik deitu dira mobilizazio hauek?
Oraintxe, asteburu honetako bileran, berriro helduko diete gobernu- eta estatuburuek Konstituzioaren eta EBko etorkizunaren eztabaidari; joan den abenduan batik bat Aznarren jarrera itxiak porrotera eraman zuen gaia, eta badirudi orain gauzak alda daitezkeela. Une hau baliatu nahi dugu berriro Europa sozialago bat eskatzeko.

Ez al da orain arte aurreratu?
Ez, hain zuzen, Konstituzio proiektuak oraingoz ez ditu gure nahiak eta gizartearen beharrak behar bezala jaso.
Aitzitik, Europako Batasuna (EB) munduan indarrean den joera neoliberalaren aitzindari dugu, gure mugen baitan eta nazioarteko esparruetan ere. Horren aurka, sindikatuok eta gizarte mugimenduek Europa soziala gara dadila eskatzen dugu, herritarrei eskubide sozial, ekonomiko, kultural eta sindikalak bermatuko dizkiena.
Bestalde, eskari horrek gure aldarrikapenetan beste alderdi bat ere badu, EBaren baitan estaturik gabeko herriei dagokien tokia aitortzea. Nahi horixe eramango dugu ostiralean kalera.

> * Bilbon, Guggenheim aurrean bilkura 11.30etan izango da.
* Donostian, Banco Guipuzcoano aurrean hasiko da bilkura 11.30etan.
* Iruñean, eguerdiko 12etan Sarasate pasealekuan bilkura egingo da.