Apirilaren 8an eta maiatzaren 16an: greba egun berriak Osakidetzaren immobilismoaren aurrean

2022/03/28
ELA, Satse, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek beste bi greba egun deitu dituzte Osakidetzan, Osasun Sailak sindikatuen aldarrikapenei erantzun ez dielako. Grebak apirilaren 8an izango dira Lehen Mailako Arreta osoan eta maiatzaren 16an ospitale sare osoan eta osasun mentalean. Aldi berean, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan beste lau greba egun deitu dituzte, apirilaren 19tik 22ra, Osakidetzaren immobilismoaren aurrean. Osakidetzako esparru guztietan deitutako azken greba egunetik hilabete bat pasa denetik, Osasun Sailak ez du urrats bakar bat ere egin gure osasun sistema publikoak bizi duen egoera larria iraultzeko.

Osakidetzak azken asteetan egin duen gauza bakarra izan da EPE eskas baten azterketa datak iragartzea. 1.611 plaza besterik ez daude deituta, duela urtebete eskas behin-behineko 24.600 langile baino gehiago egon arren, 10etik ia 6.
Inoiz baino argiago dago, propaganda hutsaz gain, ez dagoela aurrera egiteko eta plantillaren lan baldintzak hobetzeko inolako borondaterik. Eta lan baldintza duinik gabe, ez dago kalitatezko osasun zerbitzurik.
Hori gutxi balitz, Osakidetzak ez du aurpegia ematen eta inolako edukirik ez duen Mahai Sektorialaren atzean ezkutatuta jarraitzen du. Gainera, osasun larrialdia amaitu den arren, modu telematikoan egiten saiatzen da, pantaila baten atzean ezkutatuz.
Gogora dezagun azken asteetan deitutako mobilizazioek langileen eta herritarren aldarria islatu dutela. Zalantzarik gabe, bizi dugun egoeraren larritasunaren eta berehalako eta sakoneko konponbideak abiaraztearen zantzurik onena dira.

Lehen Arretak azken hamarkadan pairatu duen desegitearen ondorioak jasaten jarraitzen du: sistematikoki gainezka dago eta askotan, kolapso egoerara heltzen da. Lehen Arretaren etorkizuna dago jokoan, batez ere kontuan hartzen badugu datozen urteetan, premiazko neurririk hartu ezean, egoerak okerrera egingo duela, erretiro asko izango baitira.
Gainerako arreta mailek ere jasaten dituzte ondorioak, bai Lehen Arretaren egoera larriaren ondorioak, bai Eusko Jaurlaritzaren osasun politiken ardatz nagusia izan diren austeritate eta lan baldintzen debaluazioaren ondorioak.
Gaur, Sagardui Sailburuak greba aurreko egunean egindako propaganda adierazpenak hobeto baloratu ditzakegu eta are argiago ikusten dugu horien helburu bakarra zela mobilizazioa desaktibatzea. Gogora dezagun joan den abenduaren 31n beteta egon behar zen akordio bat erabili zuela propaganda egiteko, Garapen Profesionalerako deialdi berri batera 300 milioi euro baino gehiago bideratuko zirela adierazi zuenean. Iragarpen horrekin bat esan zuen errekuperaziorako eta elkarrizketarako unea zela. Hitz horietatik ia hilabete igaro ondoren, oraindik ez da ez gauza bat ez bestea bete, iragarritako deialdia ez baita egin, eta ez dago inolako elkarrizketarik, ezta errekuperaziorik ere.

Bistan da mobilizazioa dela Osakidetza mugitzea lortzen duen tresna bakarra; izan ere, mobilizazioen intentsitateak behera egiten duen heinean, Osakidetzaren erantzun bakarra inmobilismoa da.

Behin eta berriz salatu dute sindikatuek Mahai Sektoriala bide antzua bihurtu dela, eta Osakidetzak propagandarako erabiltzen duela. Horregatik, joan den martxoaren 9an, LHKn bilera bat egiteko deia egin genion Osakidetzari. Mahai horretan, gutxienez, negoziazio metodologia bat adostea zen helburua, hartu beharreko premiazko neurriei modu duinean aurre egin ahal izateko. Osakidetza ez zen bilera joan.
Langileen nekea argi eta garbi islatzen da, bai deitutako mobilizazioen jarraipen masiboetan, baita betelako gatazka ugarietan ere: Lehen Arreta, TGEEZ, Urdulizko Ospitalea, Txagorritxuko Larrialdi Pediatrikoak, Gurutzetako Larrialdiak, Santiago Ospitaleko Larrialdiak, Donostia Ospitaleko Mantenua, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea, Arabako Osasun Mentaleko Sareko sukaldea, Basurtuko bihotzeko Kirurgia eta Gurutzetako Ospitaleko Mantenua, besteak beste. Gatazka horiek hilabeteak edota urteak daramatzate, eta, kasu askotan, hainbat greba egun egin dira. Hala ere, Osakidetzak ez du horiek konpontzeko inolako asmorik.
Azkenik, sindikatuek negoziaziorako deia egin diote Osakidetzari konponbideak bilatzeko eta egoera bideratzeko. Baina ohartarazi dute ere ez dutela ez xantaiarik ez propaganda ekintzarik onartuko. Benetako negoziazioa eskatzen dute, irtenbide eta hobekuntza zehatzetan islatuko dena. Ildo horretan urratsik egiten ez bada, ez duteberriro Mahai Sektorialean parte hartuko eta mobilizazioekin jarraituko dute.