Araba, Bizkaia, eta Gipuzkoako aurrezki kutxak bat egiteko iragarpenaren aurrean

2005/07/26

1. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aurrezki kutxen bat egitea nekez jar daiteke zalantzan ikuspuntu ekonomiko batetik. Izan ere, orain arte azaldu diren eragozpenak politikoak izan dira, edo zehatzago esateko, izaera alderdikoia izan dute, gaur egungo botere?kuota bat egitea dela eta gutxitzeko beldur direnek mahaigaineratu baitituzte.

2. ELAren aburuz, ona da adostasun politikoa ahal bezain sendoena izatea, baina ulertzen dugu hori bezalako proiektu publiko baten diseinua eta kudeatzea, ezin dela alderdien interesen menpe jarri, ezta botere gurarien asetzera baldintzatu ere, proiektuaren beraren eraginkortasun soziala eta ekonomikoa kaltetzeko arriskuarekin.

3. Baina kutxen bat egitea ezin da egin emaitza ekonomiko hobeak lortzeko baino ez; ELAren ustetan, bat egitea une ona da hartutako norabide neoliberala zuzentzeko eta aurrezki kutxen proiektuaren izaera soziala finkatzeko. Ikuspuntu honek hainbat arlo ukitzen ditu.

4. Gastu soziala

- Azken urteotan Kutxek politika murriztaileari eutsi diote gastu sozialari dagokionean, horrela, gastua berrikusi da oinarrizko erreferientziatzat Kontsumorako Prezioen Indizea hartuta, mozkinak askoz gehiago hazi direnean.

- ELAren iritziz politika hori zuzendu egin behar da eta mozkinen zati askoz handiago bat gastu sozialerako gorde behar da. Gastu sozialean Kutxek erabilitako portzentaia desberdina da, BBK da %30arekin materia honetan gehien gastatzen duena,Kutxa eta Vital-ek egiten duten gastua nabarmenki txikiagoa izanik.

- Horrenbestez, ELAk uste du kutxa berriaren gastu soziala portzentai horretan hasi eta etengabe handituaz joan behar dela mozkinak erreferentziatzat hartuta.

- Bereziki, galdatzeko modukoa da erakunde berriaren eskutik konpromiso irmoago bat etxebizitza eskuratzea errazteko.

5. Gizarte Ekintza

- Arlo honetan ELAk planteatzen du Kutxa berriak bere eremu osoan BBKren eredua jarraitzea, non Gizarte Ekintza erakundearen beraren osaeraren barruan dagoen.

6. Kontratazio Politika

- Hiru Kutxetako zuzendaritzek azpikontratazioaren politika aukeratu dute kostuak merketzeko eta erantzukizunak kanporatzeko.

7. Lan Baldintzak

- Erakunde berrian lehen helburua izan behar da langileen arteko tratu ezberdintasuna zuzentzea, bereziki, zenbait Kutxek gaur egun mantentzen dituzten diskriminazioak eta eskala bikoitzak.

- Horri dagokionean, Kutxako langileen lan baldintzak nabarmenki txarragoak dira (soldata baxuagoak %12 eta %14 bitartean) beste bi erakundeetako langileenekin alderatuta.

- ELAk eskatzen du Kutxak bat egiteko prozesuak diskriminazioak zuzentzea eta lan?baldintzak bateratzea.

8. Langileen ordezkaritza erakunde berriaren organoetan

- Erakunde berriko organoetan langileen ordezkaritzaren alde egin behar da, gaur egun Aurrezki Kutxen Legeak ezarritako minimoa dena (%7).

- ELAk galdegiten du egoera hori zuzentzea eta erakunde berriko organoetan ordezkaritza %15era arte igotzea, izan ere gaurko portzentaia estatuko Aurrezki Kutxa guztietarik txikiena baita.

9. Hedatze Politika

- Erakunde berriaren balizko hedapena gorabehera, mantendu behar da Kutxak euskal gizartearekin eta Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenarekin duen konpromisoa.

- Modu berean, euskal erakundeek mantendu beharko dute erakundearen kontrola.

- ELAren aburuz, Kutxa berriak Hego Euskal Herriko Kutxen Konfederazioa dela medio areagotu egin beharko du Nafarroako Aurrezki Kutxarekin elkarlana, baita erakunde bakar bat eratzera iritsi arte ere.