Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aurrezki kutxen fusioaren gelditzearen aurrean

2005/10/05

ELAk iragan uztailean kaleratu zuen dokumentuan jasotzen zuenez, kutxen fusioa eztabaidaezina zen ikuspegi ekonomikoei erreparatuz gero. Ikuspuntu hori sendotu egin da proiektuaren nondik norakoak zehaztasun handiagoz ezagutzen joan eta gaia ELAren sekzio sindikal ezberdinen artean eztabaidatzen joan den einean.

ELAren ustez, egun planteatzen diren oztopoak politikoak dira, izaera alderdikoiekoak; bat-egitearen aurka azaldu diren horiek, fusioaren ondorioz egun duten botere kuota murriztua izateko beldur dira. Bereziki larria da zenbait alderdik gizarte osoari interesatzen zaion gai bat baztertzea, gizarteari gai horren inguruan eztabaidatzeko duen aukera kenduz.

Zentzu honetan, PSEren adierazpenak bereziki gaitzetsi egin behar dira; alderdi horrek fusioa geldiarazi du, erabaki horren inguruko inolako argudiorik eman gabe eta PPren interesekin bat-eginez. Horren ondorioz, kutxen hiru lehendakarien jarrera baliorik gabe gelditu da larriki. PSE arduragabeki jokatu du prozesu honetan; bere jarrera ulertzeko modu bakarra da PPren interesekin bat-egin duela ikustea, edozein analistak lasai asko jakin zezakeenean zein izango zen alderdi horren jarrera prozesuaren hasieran. PPren jarrera ez lioke inorri harridurarik eragin behar.

ELAk kutxen fusioa aztertzeko eztabaida objetibo eta garden bat zabaltzea proposatu nahi du. Adostasunak lortzeko beharra ez da beto-eskubidearekin nahastu behar; onartezina da proiektu publiko baten diseinua eta gestioa interes alderdikoietara baldintzatzea, euskal gizarteari eztabaida lasai eta beharrezko baten parte hartzeko eskubideari ukatuz.

ELAk proiektuaren gizarte izaera sendotuko duen kutxen eredu baten aldeko apustua berretsi nahi du, gizarte ekintzak indartuz eta gestio eredu garden batean oinarrituta. Proiektu hori gizartearen serbitzuetara eta joera neoliberaletatik urrun egon beharko luke.