NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako langileak, ehungintzaren estatalizazioaren aurka

2023/11/20
Sektoreko 200 bat langilek manifestazioa egin dute Gasteizen, eta salatu dute ARTE patronalak euren lan baldintzak okertu nahi dituela. Bihar, azaroak 21, greba egingo dute Gipuzkoan eta azaroaren 24 eta 25ean, Nafarroan.

Hego Euskal Herriko ehungintza eta oinetakoen sektoreko 200 bat langilek ekitaldi bateratua egin dute ARTE patronalak egin nahi duen sektorearen estatalizazioa salatzeko. Horretarako, aurrena Gasteizko kaleetan manifestatu dira, eta ondoren, hiriaren erdigunean egindako ekitaldian, langileek hitza hartu dute, lurralde bakoitzean duten egoeraz eta orain arte egindako grebez jarduteko. Gainera, mobilizazio gehiago iragarri dituzte aste honetarako: bihar, azaroaren 21ean, greba egingo dute Gipuzkoan eta azaroaren 24an eta 25ean Nafarroan, Black Friday egunari begira.
Duela hilabete gutxi, ehungintzaren eta oinetakoen merkataritzako marka handien Estatuko lehen hitzarmena negoziatzea bultzatu zuen ARTE patronalak (Inditex, H&M, Primark, Tendan Retail... ). Horregatik, uztailaren 17an negoziazio mahaia eratu zuen. Bertan, ELAk probintziako hitzarmenak negoziatzeko eskubidea aldarrikatu zuen, EAEn gehiengo absolutua eta Nafarroan gehiengoa izanik. Bilerarekin batera, ELAk grebarako deia egin, eta jarraipen handia izan zuen.
ELA sindikatuaren ustez, negoziazio hori Hego Euskal Herriko langileen negoziazio-gaitasunaren aurkako erasoa da. ARTE patronalaren estrategia hori negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren adibide garbia da, euskal herriko langileen negoziazio esparrua ukatzeko eta lan baldintzak okertzeko. Izan ere, bertako langileek dituzte estatu espainiarreko lan baldintzarik onenak. Hori sektorearen antolaketa sindikalari, borrokari eta grebei esker lortu da.
Hori guztia dela eta, gaur Gasteizen egin diren mobilizazioez gain, aste honetan ere mobilizazioekin jarraituko dute. Bihar, adibidez, Gipuzkoako ehungintzaren eta oinetakoen sektorean greba eguna izango dute, eta manifestazioa egingo dute Donostian; 11:30ean abiatuko da San Martin merkataritza gunetik, Zara denda paretik.