Arabako adinekoen egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileen grebak jarraipen handia izan du

Zainketen sektore honetan daude gutxieneko zerbitzuak kontuan hartuta, ELAk oso positibotzat jotzen du izaten ari den jarraipena: %100koa da harrera zerbitzua egiten dutenen artean, %70 gerokultore edo erizaintzako laguntzaileen artean, %50 osasun langileetan eta %50 teknikarietan. Eragopenak eragozpen, sindikatuak kalera atera ditu langileak.
Langileek egiten dituzten aldarrikapen nagusiak honako hauek dira: urtean lan egindako orduen jaitsiera nabarmena (une honetan 1.792 ordu lan egiten dituzte), eta langileen, gerokultoreen edo erizaintzako laguntzaileen soldaten igoera nabarmena, (gehienak oinarrizko soldataren 1.000 euro kobratzen baitituzte). Langile bakoitzeko erabiltzaileen ratioez ere ezinbestean hitz egin behar da, euren ohiko funtzioak aldi berean 15-20 erabiltzailerekin egiten saiatu behar baitute.
Gogorarazi behar da sektore hori, etxez etxeko laguntza zerbitzua edo esku-hartze soziala bezala, ia erabat pribatizatutako zaintza sektorea dela. ELAren ustez zahar egoitza publikoetako langileen baldintza eta eskubide berberak izan beharko lirateke gutxienez.
Grebaz gain, gaur Gasteizen langileek elkarretaratze jendetsua egin dute Albertia Campus adinekoen egoitzaren aurrean, eta, handik, manifestazio bat atera da, hiriko hainbat egoitzetatik igarota, Arabako Foru Aldundira arte. Bertan, elkarretaratze bat egin da, aurretik aipatutako guztia salatzeko.