Arabako Aisiako eta Girotze Sozio-kulturaleko I. Hitzarmena sinatu da

2016/11/11
Azaroaren 8an ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuok eta ZEHARKA patronalak Arabako Aisiako eta Girotze Sozio-kulturaleko I. Hitzarmena sinatu zuten. Lehen hitzarmen honen bidez, sektoreko ia 400 langileren lan-baldintzak eta soldatak hobetu dira. Halaber, enpresen arteko aldeak berdindu egin dira.

Sindikatuen Agiria:

Ezin izan ditugu negoziatu hitzarmenaren artikulu guztiak, guk nahiko genukeen bezala, zeren estatuko hitzarmenean zenbait gai erreserbaturik daude, besteak beste, probaldia, lanbide-taldeak, kontratazio-motak, diziplina-araubidea, lan-osasuneko gutxieneko arauak, eta mugikortasun geografikoa.

Hala eta guztiz ere, estatu-hitzarmenaren artikulu asko hobetzea lortu dugu, bereziki aipatu beharrekoak dira hauek:

  • Soldata-taula.

  • Lanaldiaren mailaz mailako murrizketa: 72 ordura arteko laburketa.

  • Opor-egunak ugaltzea, 31 egunetik 34 egunera (2018an).

  • Antzinatasun-plusa eta igande eta jai-egunetako plusa.

  • Gaueko plusa eta prestasun-plusa.

  • Aldi baterako baliaezintasunaren aldian lehen egunetik kobratzea.

  • Lizentzia ordainduetan hobekuntzak.

  • Udalekuei buruzko arauak nabarmen hobetzea.

Hitzarmen hau oso tresna egokia izango da sektorea batera biltzeko, orain dauden desorekak berdintzeko, eta jarduera hau gero eta erregulatuago uzteko.

Sindikatuok bide batez gogorarazten diegu herri-erakundeei zerbitzu hauek azpikontratatuak direla, %100 Administrazio Publikoaren menpekoak direla, eta horregatik zerbitzua esleitzeko baldintza-orrietan hitzarmen hau aplikatzea galdatu behar zaiela enpresa jasotzaileei, eta horretarako, behar bezala diruz hornitu behar direla, sektorean gatazkarik sor ez dadin.

Gainera, sektoreko langileak zoriontzen ditugu, haiek izan baitira lehenengo eragileak oraingo akordio hau lortzeko, haien mobilizaziorik gabe orain ez genukeen akordiorik.