Arabako egoitza pribatuek erabiltzaileen kuotak %10eraino garestitu dituzte, lan baldintza prekarioei eutsita

2023/01/31
ELAk, Arabako hitzarmen probintzialaren negoziazio mahaian gehiengoa duen sindikatuak, salatu du irabazi handiak dituzten enpresek batez beste 160 euro igo dutela kuota (300 euroraino kasu batzuetan), hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatzen duten bitartean.

Arabako egoitza pribatuek 160 euro igo dute, batez beste, egoitzen erabiltzaileen kuota (kasu batzuetan 300 euro), hau da, kuota %6,5 eta %10 artean handitu dute. Egoitza pribatu horietako askok itundutako plazak dituzte esleipenetan, hau da, diru publikoa jasotzen dute, eta, beraz, erakundeek beren gain hartu beharko lukete beren erantzukizuna, eta kuoten igoera hori mugatu.

Igoera hori enpresen etekin handiko testuinguru batean egiten ari dira. Sektoreko enpresa nagusien kontuak aztertuta, ikusi datiteke Domus VI enpresak 25 milioi euro inguruko irabaziak izan dituela azken 4 urteetan, Caserrek 10 milioi euro ingurukoak eta Colissek 9 milioi euro inguruko etekinak izan dituela.

Arabako egoitza pribatuetako langileen lan baldintzak, berriz, prekarioak dira: hilean 1.000 euro inguruko soldatak, 1.792 orduko urteko lanaldia, ratio onartezinak eta lanak eragindako baja asko.

Lan baldintzak hobetzea borondate kontua da, ez ekonomikoa. Kuoten igoera hori enpresa pribatuen irabazi marjina handitzen jarraitzeko da, lan baldintzen eta zainketen hobekuntzan eraginik izan gabe, eta hori guztia Arabako Foru Aldundiaren onespenarekin.