Arabako eraikuntzako hitzarmena sinatu da, ELAren aburuz Lan Osasunean inolako hobekuntzarik gabe

2005/06/15

UGTk eta CC.OO.ek akordio bat lortu dute sektoreko patronalarekin, Uneca-rekin, Arabako Eraikuntzaren Hitzarmena berritzeko. Akordio horren ondorioz Lan Segurtasun eta Osasuneko Bitariko Batzordea sortuko da, eta baita Aurrezaintzako lurralde-ordezkariaren kargua ere. Kargu hori liberatu batek beteko du, eta lantokietako segurtasun-egoera zaintzea izango du eginkizun. Batzordea eta liberatuak finantzatzeko, sektoreko langile guztien soldata-masaren %015eko kuota bereiziko da. Kuota hori enpresen kontura joango da, eta lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen kotizazio-oinarriaren gainean kalkulatuko da.

Lan Segurtasun eta Osasuneko Bitariko Batzordea zortzi kidez osatuko da: lau, patronalak izendatuko ditu; eta beste lauak, hitzarmena sinatu duten sindikatuek. Erabakiak aho batez hartu beharko dituzte. Lurralde-ordezkarien txostenak Batzordean aurkeztuko dituzte. Enpresaren batean irregulartasunak antzematen badira, Batzordeak (aho batez) egokitzat jotzen dituen erabakiak har ditzake, besteak beste, txosten bat bidaltzea Lan Ikuskaritzara edo Osalan-era.

ELAk ez du uste neurri horiek lagungarriak izango direnik, lan-segurtasun eta osasuneko egoera hobetzeko.

Nabarmena da: patronalak Batzordea finantzatzen badu, eta erabakiak aho batez hartzen badira, nondik nora hartuko ditu Batzordeak enpresen aurkako neurriak, Lan Arriskuen Aurrezaintzako Legea hausten badute ere? Asmorik onena edukita ere, ordezkari horiek egiten duten lana indargabetu egingo dute Batzordean, eta patronala zigorrik jaso gabe geratuko da.

Orduan, Batzorde horrek ez badu errazten legeak betetzea, aurrezaintzan inbertitu beharrekoa inbertitzea, edo neurri egokiak hartzea... Zertarako sinatu dute, ba, akordioa UGTk eta CC.OO.ek patronalarekin?

Patronalak itxurak egin nahi ditu, akordio honen bidez ezbeharrak gutxitzeko ahaleginetan daudela plazaratu nahi dute. Hartu-emonak agerian geratzen dira: batetik, bake soziala (hiru urteko hitzarmena sinatu baitute), eta bestetik, zerbait larriagoa: laneko ezbeharrak sortzen dituzten arriskuak gutxitzeko konpromisoari uko egitea. Egoera mingarria da: segurtasuna eta osasuna erabiltzen dira sindikatuak finantzatzeko.

Onartezina da UGTk eta CC.OO.ek babesa ematea patronalari, horren arazo larria dela-eta.

  • 2005. urtean 8 langile hil dira Araban lan-istripuetan. (iaz baino %50 gehiago). Horietatik lau Eraikuntzan (iaz baino %100 gehiago).
  • Istripu larriak %71,43 igo dira Eraikuntzan, iazko datuetatik hasita.

Behin eta berriz errepikatuko dugu hau: Segurtasun-arloan lehenengo eta behin egin behar dena prekarietatea eta katean egiten diren azpikontratazioak kentzea da. Aldi bateko lana eta azpikontratetako lana egiten dutenek istripuak izateko arrisku handiagoa dute. Aldi bateko lana egiten dutenek finkoek dituzten istripuen halako bi eta erdi gehiago dute. 2004. urtean, adibidez, istripu larrien %58 eta heriozko istripuen %65 kontrata-azpikontrata kate horietako langileak izan dira. Aurten Arabako eraikuntzan hil diren lau langileak azpikontratatuak ziren. Horiexek dira arrazoi nagusiak eraikuntzan ezbeharrak eta heriotzak gerta daitezen. Eta hara non, itun horretan ez da aurrerapausorik eman prekarietatean, azpikontratazioan edo behin-behinekoen arloan.

Eta, horrela, Patronalak bere horretan jarraituko du, lan-erritmoak areagotzen, enplegua gero eta prekarioagoa bihurtzen, Lan Arriskuen Aurrezaintzako Legea bete gabe uzten, lan-segurtasuna eta osasuna kostu moduan ikusten. Eta langileek beren osasuna eta segurtasuna emango dute ordainetan. Bitartean, UGTk eta CC.OO.ek finantzabideak lortuko dituzte horrelako akordioen trukean.