Arabako erresidentzia pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako greba jarraipen zabala izaten ari da

Gaur, urriak 26, Arabako adinekoen egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak kalera atera dira berriro, lan baldintza duinak bermatuko dizkien hitzarmen bat eskatzeko. ELAk, sektorean ordezkaritza handiena duen sindikatuak, LABekin batera deitu du greba eguna, erakundeen pasibotasuna eta enpresek negoziatzeko duten borondate eskasa direla eta. Patronalak negoziazio mahaia desblokeatzen saiatzeko konpromisoa hartu zuen uztailean, PRECOn egindako bilera baten, baina oraindik zain gaude.
Administrazioen eta enpresen inakzioaren aurrean, langileak kalera atera dira gaur, eta bihar, hilak 27, berriro aterako dira, blokeo egoera hori salatzeko eta orain arte egindako mobilizazio dinamikei jarraipena emateko; lan sektore prekarioeneko langileek egiten duten lan handia behingoz duindu arte. Gainera, gaur Gasteizen langileek manifestazioa egin dute, Plaza Barritik hasi, eta hiriko hainbat egoitza eta etxebizitza komunitariotatik igarota, Arabako Foru Aldundira iritsi arte. Bertan, elkarretaratzea egin dute.
Zainketen sektore honetan daude gutxieneko zerbitzuak kontuan hartu behar dira: % 70 gerokultoreen edo erizaintzako laguntzaileen artean, EUD osasun langileen artean % 50 eta teknikarien artean %50. Hala ere, ELAk oso positibotzat jo du jarraipena jada laugarrena ere baden greba egun honetan. Izan ere, oztopo guztiekin, lankide asko kalera ateratzea lortu da.
Gaur egun, patronalak langile horiei 1.200 euroko soldata irrigarria eskaintzen die 2026rako, eta urteko 1.742 ordu, astakeria dena. Ratioena are lotsagarriagoa da. Patronala oso eroso dagoela erakusten du bere jarrera axolagabeak eta ez du sektore feminizatu eta arrazializatuaren baldintza prekarioak hobetzeko borondaterik.
Sektorea, etxez etxeko laguntza zerbitzua edo esku-hartze soziala bezala, ia osoa pribatizatuta dago, eta, beraz, egoitza publikoetako langileen baldintza eta eskubide berberak izan beharko lituzkete.