ARABAKO ERRESIDENTZIAK ETA ETXEBIZITZA KOMUNITARIOAK
Langileak masiboki atera dira kalera hiru greba egunetako aurrenekoan

Azaroaren 8an, 9an eta 10ean, Arabako adinekoen egoitzekota langileek greba egunak dituzte berriro, sektorean lan baldintza duinak bermatuko dituen hitzarmen probintzialaren alde borrokatzen jarraitzeko. ELAk, sektorean ordezkaritza handiena duen sindikatuak, LABekin batera deitu du greba, erakundeen pasibotasuna eta enpresek negoziatzeko duten borondate eskasa direla eta. Langileek salatu dute martxoaren 15etik dagoela blokeatuta negoziazio mahaia, eta enpresen borondate eskasa eta Arabako Foru Aldundiak sektoreko langileen baldintzak hobetzeko duen gelditasuna ere salatu dituzte.
Administrazioen eta enpresen jarrera horien aurrean, langileek manifestazioa egin dute Gasteizko erdigunetik, Plaza Berritik Foru Aldundira. Manifestazioa amaitzeko, lapiko-hotsa entzun da Aldundiaren aurrean, erakunde hori gatazkan inplikatzea eskatzeko. Goizeko lehen orduan ere pikete informatiboak egin dira egoitzetako sarreretan.
Langileek manifestazioa egingo dute bihar, hilak 9, IMQ Igurco egoitzatik, eta, amaitzeko, ekitaldia egingo dute Andre Maria Zurian, eta etzi, hilak 10, INMON Carmeltias egoitzatik, biak goizeko 11:00etan.
Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituen gehiegizko gutxieneko zerbitzuak eta ia egoitza guztietan gertatzen diren grebarako eskubide urraketak kontuan hartuta, ELAk oso positibotzat jotzen du sektoreko greba, izan ere, oztopo guztiekin, lankide asko kalera atera dira bizi kalitate duina aldarrikatzeko.