Arabako Esku-Hartze Sozialak beste lau greba egun deitu ditu, uztailaren 14tik hasita

2022/07/04
ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGTk langileen erosteko ahalmena bermatzeko negoziazioen blokeoa salatu dute

Arabako Esku-Hartze Sozialaren sektoreak beste lau greba egun deitu ditu (uztailak 14; irailak 13, 14 eta 15) negoziazioen blokeoaren aurrean. Ekainean zenbait greba egun egin ondoren (2 egun sindikatu guztiek eta egun bat ELAk bakarrik), sektorearen zati handi bat mobilizatu zen. Orain, langile guztien haserrea entzun ondoren, mobilizazioekin jarraitzea erabaki da.

Grebaren lehen egunean (ekainaren 17an), Gizarte Esku-Hartzearen sektoreak Gasteizko Udalean aurkeztutako mozioaren eztabaidan izan ginen. Mozio horren bidez, Osoko Bilkurari eskatzen zitzaion AISA patronalaren eta sindikatuen artean sinatuko den hitzarmen kolektiboaren aplikazioa bermatzeko. Mozioa aho batez onartu zen.

Ekainaren 23an, eta azken greba-egunaren ondoren, AISAk negoziazio-mahaian jakinarazi zuen ez zuela proposamen berririk, eta berretsi egiten zela bere azken proposamena. Sindikatuek, aho batez, hurrengo bileran, uztailaren 6an, sektorearen aldarrikapenak jasoko zituen proposamen bat aurkezteko eskatu zioten patronalari.

Joan den astean, sindikatuak Emilio Sola diputatuarekin eta haren taldearekin bildu ziren, eta informazio kontraesankorrak jaso zituzten AISAk dioenarekin. Beraz, beste behin ere, pilota elkarri pasatzen diote, eta erakundeen eta patronalaren gelditasunaren ondorioak, berriz, langileek jasaten dituzte.

Sektorearen aldarrikapena argia da: KPI bai ala bai, sektorearen errekonozimendua orain izan behar da eta langileen erosteko ahalmena bermatu behar da.