Arabako garbitzaileen mobilizazioak hitzarmenaren alde

"Nik ez badut garbitzen, zuk ez duzu lanik egiten" lelopean, Arabako garbiketa-sektoreko plantillek, gehienak emakumeak, 17.541,90 euroko soldatarekin eta % 83 baino gehiagoko partzialtasunarekin, beren lanaren funtsezko izaera eta horrekin bat datozen lan-baldintzak aldarrikatzen dituzte.
Pandemiak iraun bitartean muturreko egoerak bizi izan zituzten arren, norbera babesteko ekipamendurik gabe lan egin zuten eta lan-baldintzetan era guztietako aldaketak jasan zituzten egoeraren larritasunari erantzun ahal izateko, baina orain patronalarekin egiten dute topo: antzinatasuna murriztu nahi dute, bajaren kasuan osagarriak jaitsi nahi dituzte, eta ez dute partzialtasunaren murrizketa negoziatu nahi, ezta soldatak igo ere. "2020rako, guretzako urterik gogorrena, 0 igoera planteatzen dute, eta 2021erako, % 0,5, hau da, hilean 5,8 euro gehiago kobratzea. Adarra jotzea da ", salatu dute.
Gauzak horrela, Arabako garbitzaileen lan-baldintzak duintzeko borrokan jarraituko duela aurreratu du ELAk.