Arabako kirol jardueretan greba maiatzaren 10etik 14ra

2022/05/03
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bost greba egun deitu dituzte, maiatzaren 10etik 14ra, Arabako Kirol Jardueren sektorean, 2 urte baitaramatza hitzarmenik gabe. Denbora igaro den arren eta bilera ugari egin diren arren, enpresek uko egin diote plantillen eskaera nagusiei erantzuteari sektoreko lan-baldintzak duintzeko.

Hauek dira negoziazio mahaiaren aldarrikapen nagusiak: KPIari lotutako soldata igoerak; urteko lanaldia murriztea; joan-etorriak eta etenaldiak saihestuko dituzten koadranteak egitea; 1.200 euroko gutxieneko soldata; antzinatasun plusa; ABE osagarriak izatea.

Enpresek soldatak 2 urtez izoztea planteatzen dute, eta egiten dituzten eskaintza ekonomiko urriek ez dute loturarik KPIarekin. Gainera, proposatzen dituzten hobekuntza apurrak 2023ko urritik aurrera aplikatzea planteatzen dute.

Lan baldintza duinik ez izateak benetako profesionalizazioa eragozten du. Soldata mileuristak dituzten eta lurraldeko urteko lanaldi luzeenetako bat duten lankideak daude; esperientzia urteak ez dira konpentsatzen; bajak zigortu egiten dira; kasu askotan, langileak enpresaren esanetara daude goizetik gauera arte, ordu gutxi egiteko.

Gogoratu behar da, gainera, azken 12 urteetan langileriak erosteko ahalmena % 11 inguru galdu duela, eta patronalak hurrengo 2 urteetarako eskaintza ekonomikoa egin duenez, KPIaren bilakaera ikusita, galera hori % 20ra igo daitekeela.

Egoera hori, besteak beste, administrazio publikoek (Gasteizko Udalak, besteak beste) erabiltzen duten azpikontratazio sistema negargarriaren ondorio da, non, arauz, eskaintzarik baxuena aurkezten duen enpresak zerbitzua bereganatzen duen. Horrek zuzenean eragiten die langileen lan baldintzei; izan ere, enpresek ausarkeriaz eskaintzen dute, eta, gero, zerbitzua eskuratzen dutenean, ez dute tarterik plantillaren baldintzak duintzeko.

Era berean, sinadurak biltzeko kanpaina bat egiten ari dira azken 2 hilabeteetan, 1.400 sinadura baino gehiago bilduta.