Arabako Metalak greba egingo du ekainaren 30ean, SEAk sindikatuen proposamena baztertu duelako

2022/06/27
ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGTk adierazi dutenez, SEAk uko egin zion ekainaren 29an negoziazio-bilera bat egiteari, uda aurretik metalaren hitzarmen probintzialaren negoziazioa desblokeatzeko eta, horrela, hurrengo grebak saihesteko. Arabako metalgintzako langileak grebara deituta daude ekainaren 30ean eta irailaren 21ean, 22an eta 23an.

Sindikatuek hiru greba egun deitu zituzten maiatzean Arabako metalgintzan, baita ekainaren 30a eta irailaren 21, 22 eta 23a ere. Hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko asmoz, beste proposamen bat aurkeztu diote patronalari, baina SEAk uko egin dio hilaren 29rako aurreikusitako bileraren aurretik biltzeari, eta bilera hori bertan behera utzi du.

Gauzak horrela, ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGTk Arabako metalgintzako patronalaren akordioetara iristeko borondaterik eza salatu dute, eta, besteak beste, soldata errealen eta urteko lanaldiaren arloan mugimenduak egiteko eskatu diote.

Sindikatuen iritziz, hitzarmenak KPIren araberako igoerak jaso behar ditu, bai tauletan, bai benetako soldatetan, lanaldia nabarmen jaitsi behar du, baja medikoen osagarriak hobetu behar ditu, subrogazio zabala jaso behar du, malgutasuna mugatu behar du eta bizitza erdigunean jarriko duten neurriak hartu behar ditu, laneko osasunean eta berdintasunean hobekuntzak egitearekin batera.

Patronalak negoziatzeko borondaterik ez duenez, sindikatuek sektorea mobilizatzen jarraituko dute. Ekainaren 28an auto karabana bat egingo da SEAko lehendakaritza duen enpresaren aurrean, ekainaren 30ean metalgintzako Arabako greba gogorarazteko. Ekitaldi nagusia Bilbo plazatik abiatuko da goizeko 11: 30ean.