Arabako metalgintzako langileek manifestazioa egin dute probintziako hitzarmen duin baten alde

2022/03/24
ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGTk deituta, Arabako metalgintzako langileek manifestazioa egin dute gaur goizean Gasteizko kaleetan, probintziako hitzarmenaren negoziazioak jasaten duen blokeoaren aurka protesta egiteko. 20 urte baino gehiago daramatzate hitzarmenik gabe. Denbora horretan, denak izan dira eraginkortasun mugatuko itunak, gutxiengoan sinatuak.

Ondoren, elkarretaratzeak egin dituzte Correosen eta SEA Arabako patronalaren egoitzaren aurrean.
Bihar, martxoak 25, negoziazio mahaiaren bilera berria izango da. ELAk aurreratu du benetako aurrerapausorik ematen ez bada greba deialdia egingo dela.
Besteak beste, ELAk defendatzen duen plataformak sektorearentzako gutxieneko soldata jasotzen du: 1.400 euro 14 ordainsaritan, 1711 orduko gehieneko lanaldia, erosteko ahalmena bermatuko duten igoerak, azpikontratatutako pertsonen subrogaziorako eskubidea. Laburbilduz, hitzarmen duin bat, sektorean dagoen prekarietatea ezabatuko duten edukiekin.