Aragoiko Osta sindikatua, urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin bat

2020/01/22
OSTA sindikatuak (Aragoiko Langileen Erakunde Sindikala) gutun bat bidali dio ELAko zuzendaritzari, Hegoaldean hilaren 30ean egingo den greba orokorrerako deialdiari babesa eta elkartasuna adieraziz. Idatzian, grebaren aldarrikapenekin bat egiten duela adierazi du Aragoiko sindikatuak; eta, aldi berean, adierazi du ezinbestekoa dela "kalean pultsua mantentzea eta lan-erreformak eta pentsioen arloko murrizketak indargabetzeko eskatzen jarraitzea; murrizketa horiek prekarietatea eta desberdintasuna besterik ez baitute ekarri, eta hori guztia sindikatu instituzionalizatuen onespenarekin".

Era berean, Aragoiko sindikatuak, Hegoaldeko greba orokorrarekin bat eginez, elkarretaratze batera deituko du Zaragozan, eta bertan, besteak beste, honako hauek eskatuko dituzte: pentsio-sistema publiko duina, PSOEren eta PPren lan-erreformak indargabetzea, zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatezkoak mantentzea, menpekotasun-egoeran dauden pertsona guztientzako estaldura publikoa bermatzea eta negoziazio kolektiborako esparru propioa sortzea.

Elkarretaratze horretan, halaber, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deitutako greba orokorrari babesa eta elkartasuna adieraziko diote.