Araiako Froneri enpresako hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko lanuzteak erabateko jarraipena izan du

Froneri, garai batean Miko zena, Araian dago, eta 500 langile inguru ditu, langile finkoen, aldizkako finkoen eta behin behinekoen artean, eta bere enpresa hitzarmenaren indarraldia 2020an amaitu zen. Hitzarmena amaitu zenetik hogei bilera baino gehiago egin dira enpresarekin, baina ez da akordiorik lortu. Horregatik atzo lanuzteak hasi ziren, % 96ko jarraipenarekin, eta gaur (ekainak 3) eta ekainaren 6, 8 eta 10ean jarraituko dute.
Enpresa Batzordearen eskaerak plantillaren beharretan oinarritzen dira, behin behinekotasuna handitzen ari dela eta bermeak galtzen ari direla kon tuan hartuta. Aldarrikapen nagusiak honako hauek dira: aurreko hitzarmen kolektiboetan eskuratutako bermeei eustea, beste artikulu batzuk egungo errealitatera egokitzea, soldatak eguneratzea, eta beste neurri batzuk, hala nola enpresak urteko lan egutegia urte hasieran entregatu behar izatea, malgutasuna mugatu eta arautzea, enpresari lanak kanpora ateratzen ez uztea eta lan erreformaren aurkako blindatze artikuluak lortzea. Azken batean, eskatzen den guztiak ez dio kostu ekonomikorik ekartzen enpresari, hitzarmena egungo egoerara egokitzea baizik.
Egoera honetan, enpresa batzordea baikor agertu da plantillak emandako erantzunarekin, eta enpresari eskatu dio bere jarrera birplanteatzeko eta enpresa batzordeak planteatutako plataformara hurbiltzeko.