ARAZOA IKUSI ETA USAITZEN DENEAN BASAURIKO ALKATEA KEZKATZEN DA

2004/04/06

Basauriko zabor bilketa eta kaleen garbiketa egiten duten Ferroser enpresako langileek martxoaren 14an hasi zuten greba bertan behera utzi zuten asteartean herriko kaleetan 400 tona zabor pilatu direlarik.

Enpresa batzordea honela osatuta dago: CGTk 2 , USOk 1, CCOOek 1 eta ELAk 1.

ELAren ustez bai Udalak eta baita enpresak ere akordioa sinatu zezaketen greba deialdiaren beharrik gabe. Baina enpresaren itxikeriak eta alkatearen autoritarismoak, Basauriko herriarentzat ondorio desatseginak izan dituen gatazka bultzatu dute.

Dena den, ELAk gogorarazi nahi du udal eraikinak garbitzen dituzten langileen gatazka ez dela oraindik konpondu, eta urtarrilaren 13tik 900 euroko (150.000 pezeta) soldata garbia eskatzen ari direla. ELAk salatu nahi du Rafael Ibarguen, Basauriko alkateari gatazka honek ez diola gehiegi kezkatzen, greba honen ondorioak ez direlako hain iskanbilatsuak. Badirudi ikastetxe, kiroldegi eta abarretako zikinkeriak ez duela ajola ez baita ikusten ezta usaitzen ere.

Zaborra biltzen duten langileentzat urteko 20.000 euro baino gehiagoko soldatak onartu dira, bitartean garbiketan lanean aritzen diren emakume hauek urteko 16.800 euro eskatzen ari dira. Argi dago emakume izateagatik, eta hauen greba eraikinen barruan bakarrik ikusten delako, udalak tratu ezberdina ematen diela diskriminazioa bultzatuz. Bitartean alkateak bere soldata 44.000 eurotik 68.000 baino gehiagora igo du aurten. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.